Aizkora Urrezko lehiaketa
Finalerdietansartuko diren azken bikoak ezagutu ahal izango dira
Nazabal eta Jauregi Arriaren eta Rekondoren aurka neurtuko dira gaur ilunabarrean Etxarrin, eta bihar eguerdian, berriz, Leitzan, Donato eta Ohian Larretxea Lopezen eta Erasunen aurka arituko dira.
Jon LEUNDA
Aizkolaritza gustuko duenak, zorioneko asteburua izango du, hiru ekinaldi ikusteko modua izango baitu. Gaur goizean Laudion izango da ekinaldia; ilunabarrean, Etxarrin; eta bihar eguerdian, Leitzan.
Gaur eguerdian, 11.30ean, Laudioko plazan jokatuko dute gaztetxoen mailako norgehiagoka. Lopez eta Ussia Otañoren eta Zabaletaren aurka neurtuko dira. Hala ere, dudarik gabe, saiorik garrantzitsuenak Etxarrin eta Leitzan izango dira, horietan maila nagusiko neurketak izango baitira. Etxarrin, 19.00etatik aurrera, Nazabal eta Jauregi Arriaren eta Rekondoren aurka lehiatuko dira. Orain arteko saioak irabazi egin dituzte biek, eta garaipena lortzen duena finalerdietara zuzenean sailkatuko da. Galtzen duenak, aldiz, final-laurdenak jokatu beharko ditu. Leku berean, Sakanako torneoa antolatu dute, eta bertan, Erdozia, Beltza, Vazquez, Resano, Goñi eta Villareal lehiatuko dira.
Bihar eguerdian, Leitzan, 12.00etatik aurrera Donato eta Ohian Larretxea Lopezen eta Erasunen aurka neurtuko dira. Hauek ere multzoko lehen postua dute jokoan. Irabazten duenak finalerdiak jokatuko ditu, eta galtzen duenak final-laurdenak jokatu beharko ditu. Gainera, bigarren mailako final-laurdenetako neurketa ere jokatuko da. Alde batetik, Olano eta Pellejero izango dira eta, bestetik, Kañamares II.a eta Kañamares III.a. Hori dena gutxi izango balitz ere, jaialdia biribiltzeko gazteen mailako norgehiagoka ere jokatuko da. Eneko Saralegi eta Vicente III.a Kortxeroren eta Larrea III.aren aurka neurtuko dira nor baino nor.
Zaldi-mando probetan, Euskadiko Finala jokatuko da gaur gauean, 22.00etatik aurrera Aian. Kobaren, Uriarteren eta Alegriaren abereak lehiatuko dira nor baino nor.
Sokatira
Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan 640 kilokoan bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Horren ostean erabakiko da zeintzuk izango diren finalean egongo diren sei taldeak.
Sailkapeneko bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute lehian diharduten bederatzi taldeek. Beraz, larunbatean erabakiko da zein sei taldek jokatuko duten finala, sailkapen orokorreko lehen sei sailkatuek hain zuzen ere. Joan den larunbateko lehen jardunaldian Ibarra nagusitu zen, soilik bi tiraldi galduta, eta ikusitakoak ikusita, Basaburua-Imotzek eta Zuraidek dezente hobetu beharko dute larunbateko jarduna txartel bat eskuratzeko, 6 Conceyosek ezin baitu finala jokatu. Bestalde, pentsatzekoa da Abadiñok eta Ñapurrak-ek indartu egingo dutela taldea Ezpeletako saioarekin alderatuta. Pisu honetako finala datorren larunbatean jokatuko da Zeberion.
Emakumezkoetan 540 kilotako bigarren jardunaldia jokatuko da. Hemen hiru dira lehian ari diren taldeak, eta ligaxka moduan ari dira jokatzen. Badaiotz, Sakana eta Ibarra lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Badaiotzek irabazi zuen, eta faboritoak dira.