Finalerako bidean lehen geldialdia izango da Arrangoitzen
J.L.
Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerako bidean lehen geldialdia egin beharko dute bihar pilotariek, 16.00etatik aurrera jokatuko baitute Arrangoitzen.
Ligaxka abiatuko da, orain arteko lau pilotari onenekin, eta otsailaren amaieran bi onenak neurtuko dira. Jaialdiari ekiteko Waltari eta Bonebeltxe neurtuko dira.
Egungo txapelduna faborito garbia izango da lehiaketa hau irabazteko, baina saiatuko da Bonebeltxe, orain arteko ezuste nagusia, bera estu hartzen.
Bigarren partida orekatuagoa izango da, Harizmendi eta Kurutxari neurtuko baitira. Harizmendik lehiaketa bikaina egin du. Superprestigioan ere finala jokatu zuen eta, zale askoren ustez, finala jokatzeko faborito nagusia izango da. Dena dela, gaur garaipena lortzen duena litekeena da Waltariren finalerako aurkaria izatea; hori uste dute, behintzat, adituek, baina Bonebeltxe ere kontuan hartu beharko da.
Lehen partidarako dirua nabarmen aterako da Waltariren alde, eta ez da aurreikusten partidan zehar asko jokatuko denik. Bigarren norgehiagokarako, berriz, ez dago faborito garbirik, eta hor diru asko jokatu liteke.