GARA > Idatzia > Kultura

Poema eta doinu hunkigarriak, Jorge Cortes eta Xabier Lete euskaltzainen omenaldian

Euskal eskolen alde egindako borrokagatik lehena, eta euskal kulturari egindako ekarpenagatik bigarrena, iaz zendu ziren Jorge Cortes eta Xabier Lete euskaltzainak omendu zituen Euskaltzaindiak.

p046_f04_137x100.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Biak ala biak euskaltzainak ziren eta, biak ala biak, iaz zendu ziren, euskal kulturan -eta gizartean- hutsune handia utzita. Jorge Cortes (1944-2010) eta Xabier Leteri (1930-2010) buruz ari gara, Euskaltzaindiak atzo omendu baitzituen Gipuzkoako Aldundian ospatutako ageriko bilkuran. Poema, musika hunkigarri eta euren bizitzari errepasoa egin zien argazkiez lagunduta, besaulki gorrietan omenduen lagun, kide eta senide ugari bildu ziren.

Markel Olano ahaldun nagusia alboan zuela, Euskaltzaindiko buru Andres Urrutiak bien egitekoa nabarmendu zuen. Cortesek, batez ere Nafarroan euskal eskolen alde egindako borroka aipatu zuen eta, nola ez, Letek bere disko eta poema liburuekin «belaunaldi zahar eta gazteei» utzitako ondarea ere goraipatu zuen. «Gure gizartean ondo txertatuta gelditu den izena da berea», gaineratu zuen Urrutiak.

«Bera jaio baina bi urte lehenago ama gaixo jarri zen eta harrezkero ohean egon zen», adierazi zuen Sagrario Aleman euskaltzainak Cortesen lehen urteen inguruan. Irakurritako testua Patxi Zabaletarena zen, baina ezin izan zuen Donostian izan. «Ama -jarraitu zuen-, 1948an hil zen, Jorgek hemezortzi urte zituela beraz, ez zuen inoiz bere ama zutik ikusi». Honakoa, pasartez beteriko bizitza baten hasiera besterik ez zen izan.

Itzalean, ekinez

Bai Urrutiak, baita Alemanek ere, Jorgek ikastolen alde egindakoa «isilean» burututako lana izan zela nabarmendu zuten. Gerra osteko garaiak ziren, garai zailak, eta are gehiago ikastolen sorrerarako. Jorgek ihes egin zuen eta Iparraldean ezkutatu zen hilabetez egoera lasaitu zen bitartean.

Iruñean, 1963an, egin zituen Nafarroako lehenengo ikastola zabaltzeko ahaleginak, baina ekimenak ez zuen aurrera egin eta, handik bi urtera, Euskalerriaren Adiskideen Lagunak elkarteak ikastola bat eratu zuen, soilik bertako seme-alabentzat zena. Nuestra Señora de Ujúe zuen izena orduan.

«1970eko Aste Santuan, elkartea bitan zatitu zen», ekarri zuen gogora Alemanek. Paz Ziganda eta San Fermin ikastoletan, hurrenez hurren. Azken honen gidaritza hartu zuen, hain zuzen ere, Cortesek, gurasoek hala hautatuta.

Azkenik, «campionianoa» zela adierazi zuen testuan Zabaletak. «Beti urrats bat aurrerago zegoen. Euskararekiko ikazgilearen atxikimendukoa, Otsagabia herria eta Zaraitzu harana beti gogoan kezkatan zituena, Euskal Herria den gizartean nortasun agiriak -tituluak- Nafarroaren baitan ikusten zituena».

Otsoa uluka ari da

«Poesian nahiz literaturan, bietan nabarmendu zen Lete, dohain berezia zuen», adierazi zuen Jose Angel Irigaraik oiartzuarraren inguruan. Azken agurra egiteko Letek berak idatzitako poemez baliatu zen Irigarai, tartean, Joxan Goikoetxearen trikiti goxoaz lagunduta. Doinu eta errezitaldi artean, malkoari eutsi ezinik agertu zen bat baino gehiago.

«Ni ere hilko naiz, motza da bidea», adierazi zuen egun batean Letek eta, hitzok, atzo ere oroitu zituzten. Eta honen harira, bere umore eta sentikortasunaz mintzatu ziren. Izan ere, aurreko baieztapenari «bizi dezagun heriotza, ospatu dezagun bizitza» erantsi zion poetak. Omenaldia Bernardo Atxagak biribildu zuen, Leteren «Otsoa eta Txanogorritxu» kanta hartuta, otsoaren figurarekin aritu zen jolasean. Eta uluka, itzali zuen bere argia iragan abenduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo