GARA > Idatzia > Kultura

Fermin Etxegoienen «Ekaitz perfektua»-k Argia saria jaso du

«Argia» hedabideak euskaraz egindako komunikazioan nabarmendu diren talde, enpresa, profesional edota produktuak saritzen ditu urtero. 2011n sarituetako bat Fermin Etxegoien kazetari beteranoa izan da, «Ekaitz perfektua» saioari emandako forma berria dela-eta.
p048_f01_148x092.jpg

M. LARRINAGA | USURBIL

Bazkalosteko kontua izango balitz bezala banatu ziren atzo 2011. urteko Argia sariak. Usurbilgo Atxega Jauregian elkartu zituzten gonbidatu guztiak eta kafea hartu baino lehen banatu zituzten Antxon Mendizabal eskultoreak eginiko piezak.

Irabazleetako bat Fermin Etxegoien kazetaria -iaz literaturako Euskadi saria irabazi zuena- izan zen «Ekaitz perfektua» (Gaztea) irratsaioari esker. Izan ere, aurtengo denboraldian ikuspuntu berri bat eman dio irratsaioari, aspalditik uhinetan bere tokia duen arren. Denboraldi berri honetan musikaren historian izan diren nazioarteko nahiz Euskal Herriko ehun abesti onenak aukeratu ditu eta bakoitzari saio bat eskaintzen dio. Musika arloan kultura zabalagoa izan dezagun Etxegoienek egindako ahalegina saritu zuen «Argia»k.

Saria jasotzen lehena sareko hedabide bati zegokiona izan zen. Aurten Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak aurrera daraman Ahotsak.com webgunea saritu zuten euskal ondarearen alde egindako lanagatik. Izan ere, Euskal Herri osoko adineko 3.094 hiztun elkarrizketatu dituzte haien bizipenak eta hitz egiteko moduak denboran gordetzeko ahaleginean.

Bestetik, prentsa idatzian nabarmendutakoa Donostiako «Gaztezulo» aldizkaria izan zen. Izan ere, saria ematean, hilabetekaria gazteek hedabideetan duten hutsuneari aurre eginez, topagune ezberdin bat bihurtu dela azaldu zuten kalera irteten daramatzan hamar urte hauetan.

Telebistaren alorrean bestetik, ETB-3ko «Orain» saioak jaso zuen saria anonimoak diren mota guztietako sortzaileei aurpegia jarri eta hitz egiteko aukera emateagatik.

Azkenik, euskararen alde Donostiako Udaleko Euskara Patronatuak euskararen egunaren inguruan sortutako «Nik ere euskaraz» publizitate-kanpaina saritu zuten herritarren partehartzea bultzatu izanagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo