GARA > Idatzia > Kultura

Gaur Donostian ospatuko den Bertso Egunak bertsoz beteriko urtea du aurretik

A. ARRUTI | BILBO

Hamabost bertsolari kameleoien gisa -ohi duten moduan, egoerara eta tokira moldatuz- arituko dira gaur ospatuko den 42. Bertso Egunean. Donostiako Kursaalen izango dira 18.00etatik aurrera kantari Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza.

Bertsozale elkarteko antolatzaileek adierazi zutenez, «antzekotasun batzuk aurkitu dizkiogu kameleoiaren portaerari eta bertsolariaren jardunari: narrastiak azalaren kolorea aldatzen du inguruaren baldintzetara egokitzeko, eta bertsolaria ere horretan saiatzen da dituen baliabideak saioaren baldintzetara moldatuz».

Arratsaldeko ekitaldiak bi ordu inguru iraungo du eta Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpuru izango ditu gidari. Gainera, 50 bat ikuslek oholtzatik bertatik jarraitu ahal izango dute saioa. Gero, 21.00etatik aurrera, afaria izango da NiNeu jatetxean eta bertan, Arrate Illarok, Jone Uriak eta Itxaso Paiak, Gibelurdinek musika taldearekin, bertso musikatuak eskainiko dituzte, besteak beste. Jokin Urangaren eta Iñaki Gurrutxagaren bertsoak ere izango dira.

Nafarroa eta Araba, otsailean

Bertsoaz gozatu nahi duenak aurtengoan ere ez du aitzakiarik izango, hitzordu garrantzitsuez beterik baitator 2011. urtea. Otsailaren erdialdean, esaterako, Arabako eta Nafarroako txapelketak abiatuko dira, eta apirilean ezagutuko ditugu bi herrialde hauetako aurtengo txapeldunak. Nafarroakoak 40. edizioa beteko du aurten eta, gehiegi azaldu ezin bada ere, 27 bertsolari izango dira iaz Julio Sotok eskuratu zuen txapelaren lehian.

Gipuzkoakoa ere aurten ospatuko da lau urteren ostean. Aitor Mendiluzek eskuratu zuen orduan txapela. Aurten, maiatza aldera hasiko dira kanporaketak eta irailetik abendura bitartean ospatuko da txapelketa.

Herrialdekako txapelketez gain, udaberriak sariketa ezberdinak ekarriko ditu. Abian da dagoeneko Beterrikoa eta laster etorriko dira, Osinalde, Orixe, Hernandorena edo Abra. Nafarroan Xalto sariketa ere egingo dute, eta Iruñean Bertsoaroa ospatuko dute urtero legez.

Bestalde, urte askoren ondoren, Bertsolangintza jardunaldiak ospatuko ditu otsailaren bukaeran Bertsozale elkarteak. Bertsolaritzari buruzko gogoeta edo hausnarketa jardunaldiak izango dira hitzaldi formatuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo