GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren lanetarako lurrak desjabetzera joango dira gaur Tolosa eta Atxondora

AHTren lanetarako behar dituzten azpiegiturak egiteko eta ibilbidea bera eraikitzeko beharrezko dituzten lurrak berenganatzeko asmoz, ADIFeko ordezkariak Atxondoko eta Tolosako udaletara joango dira gaur. Kanpoaldean protestak deitu ditu AHT Gelditu! Elkarlanak.

p013_f01.jpg

GARA

ADIFeko ordezkariak AHT abiadura handiko trenaren lanetarako beharrezko dituzten lurren desjabetze aktak sinatzera joango dira gaur Atxondoko zein Tolosako udaletara. Ez da lehen aldia Atxondon lurrak desjabetzeko saiakera egiten dutena, eta lehenago hartutako jarrera bera erakutsiko du Udalak: ez dituzte aktak sinatuko. Desjabetzeok behin-behinekoak izango lirateke, AHTren ibilbidean zehar zundaketak egiteko, ibilbidea bera eraiki eta obren bestelako azpiegiturentzat. David Cobos Atxondoko alkateak, baina, ez du horren argi ikusten: «Esaten dutena eta planoetan jartzen duena ez datoz bat; idatzietan, berriz, euskarazkoan eta gaztelaniazkoan ez dute gauza bera esaten». Horregatik, ez dituztela aktak sinatuko dio Cobosek, bere ustez «formazko akatsekin jarraitzen» dutelako.

Tolosan bestalde, bigarren trazatua martxan jarri ahal izateko desjabetzeak egingo dituzte bihar. Behin baino gehiagotan salatu izan dute Tolosa-Hernialde tartearen inguruko informazio falta bi herriotako udalek. Zehazki, proiektuaren gaineko informaziorik jaso gabe zeuden 2009ko otsailetik orain hilabete gutxira arte. Proiektuan aldaketak zeudela bazekiten, baina, ez dute eraikuntza-proiektua ezagutu desjabetzeen prozesua hastear izan den arte. Horregatik, helegitea zeri jarri jakin gabe egon dira, zehazki kaltetuak zer eta nor izango ziren ez zekitelako. Egoera horretan, lurjabeak «babesik gabe» aurkitu dira ez dutelako proiektua aztertzeko eta helegitea jartzeko behar besteko denborarik izan.

Hain justu ere, atzo egin zuten Tolosako San Esteban auzoan Tolosa-Hernialde zatiaren lehen harria jartzeko ekitaldia. Bi herri hauen artean 3,811 kilometroko tartea izango du AHTk eta horietatik 2,440 kilometro hiru tunelekin osatuko dira: Aldaba Txikikoa, Auzo Txikikoa eta Montezkuekoa. Era berean, lau zubi egingo dituzte Salubitan, Osakan, San Estebanen eta Luzuriagan. Aurrekontua, berriz, 104,7 milioi eurokoa izango eta hogeita sei hilabeteko epea izango dute lanetarako.

Ernesto Gasco Garraio sailburuordea eta Pedro Luis Rio, Gobernu espainolaren Gipuzkoako ordezkaria, izan ziren atzo Tolosako ekitaldian, Euskal Trenbide Sareko kideekin batera. Tolosa-Hernialde zatiari hasiera emanda, zortzi dira Gipuzkoan martxan direnak: Bergara-Antzuola, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa eta Tolosa-Hernialde. Guztira Gipuzkoako adarrak izango dituen 80 kilometroetatik 24,8.

Erakundeetako ordezkariak Tolosatik Beasainera joan ziren eguerdirako. Bertan Beasain Mendebaldea zatiko Loinazko tunela ¯347 metro¯ zulatzeko lanak amaitu zituzten atzo. Tunela zulatuta, parean duen Itolako tuneleraino 80 metroko zubia egingo dute.

AHTren informazioa biltzen Sustrai fundazioa

Abiadura handiko trenaren eraginpean dauden Nafarroako ia 50 udalei ingurumen informazioa eskatu die Sustrai Erakuntza fundazioak. Ingurumenaren gaineko informazioa eskuratzeko dagoen legeria orokorrean oinarritu dira fundaziokoak. Izan ere, herri agintariek ingurumenari buruz daukaten informazioa eskuratzeko europar bizilagun orok duen eskubidea arautzen dute lege horiek, azaldu dutenez, baita erabakitze prozeduretan parte hartzeko herritarren eskubidea ere eta erabaki jakin bat administrazio bidetik edo auzibidetik berrikustekoa.

Udalek AHTren proiektuaren gainean duten informazioa ezagutzeaz gain, herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidearen aurrean udalek zein jarrera duten jakin nahi du Sustrai Erakuntzak.

Fundazioaren ustez, trenaren makro-proiektu hau aurrera ateraz gero, Nafarroak hurrengo urteetan «sufrituko» duen ezegonkortasun ekologiko, ekonomiko, sozial eta territorial «handiena» izango da.

Hala, udalei eskatutako informazioaren zain dauden bitartean, «bizi dugun egoeraren eraginez eta iragan beltzaren aurrean», lanean jarraituko dutela diote Sustraiko kideek. Diotenez, lan «gogorra» eta «handia» izaten ari da eta beste eredu sozial bat lortzeko bidean «geratzen dena ere hala izango da Nafarroan zein Europan». GARA

elkarretaratzeak

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte gaur lurren desjabetzeak salatzeko. Hala, Tolosako udaletxe atarian 8.30ean bilduko dira eta Atxondon 9.15ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo