GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Afganistan hegoaldetik inbasioari so

Tropa inbaditzaileei errespetua ematea lortu dute talibanek

Ez ditut gustuko, baina errespetatu egiten ditut. Borrokalari onak dira», dio Wes Pennington sarjentuak. Iragan udan Kandaharren matxinatuen aurka aritu ziren soldaduetako asko ere iritzi berekoak dira.

p022_f01_148x108.jpg

Marc BASTIAN France Presse

Hegoaldeko probintzia hau, talibanen gotorleku eta herrialdea kontrolpean izateko ezinbestekoa, talibanen eta ISAF nazioarteko indarren arteko aurrez aurreko talka gogorren lekuko izan da iragan urteko udaberritik, neguetan ohikoa den de facto-ko su-etena heldu den arte.

Airez garraiatutako 101. dibisioak, Pennington buru duela, iazko ekainean zapaldu zuen Afganistango lur eremu hau.

Aurreneko egunak, «espero baino gogorragoak» izan zirela aitortu du David Flynn lotinant koronelak. Berak zuzentzen ditu Arghandab eskualdean dauden AEBetako soldaduak. Nabarmentzekoa da sobietar okupazioak (1979-1989) ezin izan zuela eremu hau mendean hartu, eta 1990. urteaz geroztik talibanen esku dago. Azaldu duenez, hasieran topatu zituzten aurkariak «oso aurreikusgarriak» ziren eta «armak erabiltzen traketsak», baina era berean «ausartak» ziren eta «erabakitasunez» jokatzen zuten.

James Thomason kapitainak ere gogoan du Argandhaben bizitako uda zaila. Bertan dauden mina guztiak dira dagoeneko nazioarteko eta Afganistango soldaduen artean hildako gehien eragiten duen faktorea.

«Asko borrokatu behar izan dugu [udazkenera arte], gure basearen defentsa-sistema egunean bi aldiz aktibatu behar izateraino», ez artilleria astunik, ez hegazkinik, ez tankerik ez zuen arerio baten aurka. Kalashnikov-ak, kohete-jaurtigailuak, granada-jaurtigailuak eta metrailadore astunak baino ez zituzten eskura talibanek.

Abantailak

Wilke Hunter sarjentuak ere ikasi du zerbait Kandaharren: «Etsaia oso bizkor egokitzen da. Gu mugitzen garena baino azkarrago mugitzeko gai dira, batez ere aldean daramagun 30 kiloko ekipoagatik. Horrexegatik, `gameluak' deitzen digute [...]. Bi edo hiru pertsonez osatutako taldea ere etsigarri gerta liteke».

Bereziki, joan den udan Pa-kistandik iritsitako «zenbait adituren» jarraibideak jaso zituztenetik: «Azkarrak ziren, gure entrenamendu-ariketak bazekizkiten, guk baino hobeto, zalantza gabe», aipatu du, irribarretsu, Flynn Lotinant koronelak.

«Herrialde honetan, munduko teknologiarik aurreratuena estutasunean jartzen dute egunero, beren baliabide mugatuekin», azaldu du Pennington sarjentuak.

2010. urtea izan zen bederatzi urtez luzatzen ari den okupazioan odoltsuena bai indar okupatzaileentzat, bai afganiar Polizia eta Armadarentzat.

Pentsa daitekeenez, udaberrian berriz hasiko dira erasoak, eta ordurako, paisaia berdeago egongo da, matxinatuei ezkutaleku hobeak eskainiz. Kandaharren, hit and run, «kolpatu eta alde egin» estrategia erabili ohi dute talibanek.

Hala, saiatzen dira «etxean egindako lehergailuz jositako guneetara eramaten», dio Zack Crawford sarjentuak: «Badakigu jakin haien atzetik korrika egiten badugu, mina bat zapalduko dugula», zehaztu du.

«Oso azkarrak dira. Goizean, haietako batek zulo bat egiten du. Egunean zehar, bigarren batek lehergailuak jartzen ditu eta, hurrengo egunean, hirugarren batek detonagailua jartzen du. Honela, lanean ari diren nekazarien itxura baino ez dute», dio Mike Cain kapitainak.

2001. urtean Ameriketako Estatu Batuek zuzendutako inbasioak boteretik kendu zituenetik, talibanak gerrilla gerra egiten ari dira, bai Gobernu afganiarraren aurka bai ia 150.000 nazioarteko soldaduren aurka. Horietatik, 100.000 inguru estatubatuarrak dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo