Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Erortzen, egokitzen...
Ezetz, ezetz eta ezetz. Oso botere jarraikia dugu Frantzian. Galde, galde eta galde, erantzun bera heldu da. Ez dute hizkuntza gutxituei buruzko legerik sortuko! Ez omen da beharrik, egun dauden tresna legalek baimentzen omen dute hizkuntzen biziraupena. Berri horrek ez ditu frantses egunkarien orriak bete, ez da debaterik sortu horren ondotik. Zertarako dago Gobernua?
Agerian gelditzen dena da irabazi sozialen suntsipena, sektore publikoaren desagertzea eta jende xumearen bizi baldintzen okertzea. Inkesta guztietan Gobernuari buruz dagoen iritzia oso txarra da; ondorioz, segurtasuna, etorkinak, beldurraren zabaltzeko errepikatzen ahal dena etengabe hedatzen dute. Une honetan neskatxa baten erailketa dago lehen lerroan. Hauteskundeen bezperan ahal bezainbat boz lortu behar da; beraz, betiko tresnak berpizten dituzte eskuina segurtasunaren indarra dela gogoratzeko, ezin diote Front Nationalari lekua utzi eta politika soziala baten sortzea ez da beharrezkoa ezkerreko alderdiek ez baitute egoeraren aurrean neurria ematen. Beren artean lehian, ez dute astirik eskuinari, UMPri, aurre egiteko.
Alta, nahiko egoera negargarrian dago Gobernua. Arabiar herrialdeetan matxinadak dauden une honetan, Frantziaren irudia aldatu egin da. Giza eskubideak, demokrazia... hitz horiek etengabe erraten dituztenak Frantzia goraipatzeko desagertu dira ministroen hiztegietatik. Ahantzia zuten diktadoreak sostengatzen zituztela eta erakusten dute bururaino hobesten dituztela.
Noski ezkerrak ezin du aukera baliatu, alegia koloniak ziren herrien sostenguan atera, goraipatu, salatu orai arte gertatzen zena eta babestu zutena, Frantzia santua baita epaitua eta Frantzia liberté, égalité, franternité. Liberté? Mugatua han eta hemen! Egalité? Horren izenean ez da hizkuntza gutxituentzat legerik izanen, frantsesak denak berdinak baikara! Uste dute oraindik Kanakian, Guyanan eta Euskal Herrian eskubide berdinak ditugula... ez dugu hizkuntz eskubiderik, ikasten dugu inposatzen digutena. Fraternité? Aberatsekiko zergak txikitu, eta denenak igo, zorrak denen artean ordaintzen baitira, zorretan anaitasuna!
Jon Anza dut gogoan MAM zailtasunean ikusten delarik. Espainia babestu zuen, Jonek diruarekin ihes egin zuela erranez, Barne ministroa zelarik; Justizia ministro zelarik justiziarik ez da lortu Jonentzat.
Gaur Kanpo arazoetako ministro kaskarrena da. Egin zitezkeen huts lodienak egin ditu eta sai guztiak ditu inguruan. Gobernuan ia-ia hamar urte pasa ondoren, batek baino gehiagok du bera botatzeko gogoa eta horren isla argia dira prentsan ateratako informazioak. Chiractarrak zailtasunetan daude, Chirac bera epaitegian izanen dugu martxoan. Horien babesa zuen MAMek, ez zaio aski izanen Atzeri ministro gisa jarraitzeko, herri askotan ez baita ulertzen Frantziaren azken asteetako jarrera matxinaden aurrean.
UMP ez da bere itxura hoberenean aurkeztuko hauteskundeetan Ipar Euskal Herrian. Aukera izan liteke EAJrentzat. Ez da ulertzen haatik zergatik urruñar bat Baionan presentatzen den eta Donibane Lohizuneko herritar bat barnealdean. Bultzada berria ematen duelarik, hasi orduko EAJk sasi egokitzeak egiten ditu...