Euskal Herriko hizkeren eta historiaren sareko artxiboa
Ahotsak.com Euskal Herriko aiton-amonak elkarrizketatzen dituen webgunea dela esan genezake, baina, egiari zor, hori baino askoz ere gehiago egiten dute. Izan ere, elkarrizketon bitartez, tokian tokiko ahozko hizkera eta 36ko gerraren aurreko historia jasotzea lortzen dute.M. LARRINAGA | DONOSTIA
Ahotsak.com egitasmoa (www.ahotsak.com) Deba ibarrean eratu zen 2003. urtearen inguruan Badihardugu euskara elkartearen sorkuntzarekin batera. Eskualdeko hainbat ikerlari eta euskaltzale bildu ziren bertan bakoitzaren herriko hizkerak jasotzeko eta grabatzeko, baina inongo antolakuntzarik gabe egiten zuten lan. Ondorioz, elkarteak metodologia baten beharra ikusi zuen.
Ez da harritzekoa proiektua Deba ibarrean jaio izana. Izan ere, Ahotsak.com egitasmoko kide den Aintzane Agirrebeñak azaldu duenez, «Deba ibarrean bertako hizkera jasotzeko tradizio handia dago, eta proiektua bere ere hala hasi zen».
«Lehendik egindako grabazio horiek jasotzen eta berreskuratzen hasi ginen, eta, teknologia asko aurreratu denez azken urteotan, elkarrizketa berriak bideoz egitea egokia zela pentsatu genuen. Hala hasi ginen proiektua martxan jartzen», azaldu du Agirrebeñak.
Bergarako Udala izan zen proiektuan parte hartzen lehena, eta, ondoren, Deba eskualdeko beste herriak hasi ziren batzen. Hala, egitasmoa indartu egin da gutxika-gutxika, baliabide eta lankide kopurua handituz joan direlarik. «Gainera, Argia sariak ezagunagoak izaten lagundu gaitu. Azkeneko urteotan asko hazi da proiektua. Hasieran ezkutuan genbiltzala zirudien, ez zen emaitzarik ikusten. Argiak, aldiz, gure lana aintzatetsi du eta aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Orain bi urte, gainera, bultzada handia jaso genuen Gipuzkoan elkarrizketa gehiago egiteko. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Kutxarekin hitzarmen bat sinatu genuen. Orain esparrua zabaltzen ari gara eta Bizkaian ere hasi gara elkarrizketak egiten».
Askari eta guzti
Elkarrizketatuak 80 urtetik gorako pertsonak izaten dira normalean. «36ko gerraren aurreko bizimodua nolakoa zen jasotzen saiatzen gara. Batzuetan gazteagoek ere jakiten dute garai hura nolakoa zen guraso edo aiton-amonei entzunda, baina, normalean, lehentasuna 80 urtetik gorakoek dute».
Hala, protagonistekin topatzeko herrietako udaletara jotzen dute eta bertan zerrenda bat osatzen laguntzen diete. Beste kasu batzuetan, elkarrizketatuak izan daitezkeen pertsonak ezagutzen dituzten herritarrekin jartzen dira harremanetan eta haiek laguntzen diete. «Herriko jendeak beti laguntzen gaitu».
Kasuren batean azken uneko ezezkorik ere jaso duten arren, ez da ohikoa izaten. «Gerta daiteke, baina normalean oso harrera ona egiten digute. Azkenean kafea, askaria... ematen digute beraien etxera elkarrizketak egitera joan izanagatik», nabarmendu du Agirrebeñak.
Ahozko hizkeraz gain, 36ko gudaren aurreko garaiko historia ere jasotzen dute www.ahotsak.com helbidean. Horretarako, aldez aurretik elkarrizketatu bakoitzaren bizitzaz informazioa biltzen saiatzen dira, horrela galderak prestatu eta elkarrizketei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko. «Elkarrizketatua arotza izandakoa bada, bere lanbideari buruz galdetzen diogu. Baserritarra baldin bada, lehengo lanak nolakoak ziren, zer-nolako ohiturak zituzten...».
Elkarrizketa grabatu ostean, pasartetan banatu eta Interneten nola jarri erabakitzen dute. Izan ere, ordubeteko elkarrizketak izaten direnez, gauza asko ez dira argitaratzeko modukoak, tartean kontu kontu pertsonalak ere izaten baitira. Zati onenak aukeratu eta transkribatu ostean, bideoa editatu egiten dute sarean jartzeko. «Guztira 25.000 pasartetik gora ditugu kontsultatzeko moduan. Denek dute laburpena, baina batzuk ezin dira entzun oraindik ere».
Hezkuntzara zabalduz
Iaz grabaketak hezkuntza arloan erabiltzeko egitasmoa jarri zuten abian. Hain zuzen ere, Deba ibarreko ikastetxeetatik bertatik iritsi zen grabaketak erabiltzeko proposamena. «Eskoriatzan eta Aretxabaletan hasi ginen, eta, egia esan, oso gustura gaude izandako emaitzekin. Irakasleek klasean erabili dituzte grabaketak eta gustura gelditu dira. Horrekin ari gara, gure asmoa elkarrizketak denen eskura jartzea baita», nabarmendu du Agirrebeñak.
Ahotsak.com atariak 1.000 elkarrizketa inguru egin zituen Gipuzkoan 2010. urtean. Aurten 800 inguru egiteko asmoa dute. Gainera, herrialde gehiagotara zabaldu nahi dute egitasmoa.