Ekaitz MAIZ | Eskalatzaile eta ekipatzailea
«Kateatzea baino, nola zabaldu ditudan nabarmenduko nuke»
Etxauriarra ekarpenak egitearen bidetik jarraitzen ari da. Burgiko arroilan dauden paretetan egin ditu azken sormen lanak. Bi bide, 140 metroko: «Lagun leialak» (8a, 7b derrigorrez) eta «Koldarren infernua» (8a+, 7c derrigorrez). Konpromisoa eta zailtasuna uztartu ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Urtarrilak 14. Ekaitz Maizek Larraonako hitzorduan huts egin du. Bi ordura Altsasun azaldu da, Manserako bere «jarraitzaileek» dioten modura, «Profident irribarrea» aurpegian duela. Aitzakiarik (horien oso zalea da etxauriarra) ez omen du. Burgiko arroilan (Nafarroa), Asier Lukeren laguntzarekin, hilaren 6 eta 8an zabaldutako «Lagun leialak» bidea (140 metro, 8a, 7b derrigorrez) kateatzetik dator.
Jakina, bere hutsarengatik ez du barkamenik eskatu behar. Aurpegian nabaritzen zaio; pozarren dago, ume batek lortutako sariagatik transmititzen duen poztasuna. Altsasu osoan hedatzen da. Afaria bederen ordaindu du. Eta ez da gutxiagorako. Eskalatzaile nafarrak «Lagun leialak» bidean egin duen jarduerak, bai zabaldu bai kateatu, erabateko garrantzia du hemengo paretako eskalada alpinoan.
Inolako zalantzarik gabe, Maizek kalitatezko urrats bikaina eman du bere ibilbidean: bai bideen sortzaile bezala, bai hauek kateatzeko estiloan. Eta horren isla da «Lagun leialak» bidea. Zailtasuna eta konpromisoa uztartu ditu Burgiko marra horretan. Horrela bada, zabaltzeko estiloari garrantzia eman nahi izan dio etxauriarrak: «Kateatzea baino, nola zabaldu dudan azpimarratu nahi nuke; askoz ere neketsuagoa eta korapilatsuagoa baita. Pentsa gainean eramaten duzula daratulua, soka laguntzailea, paretako material guztia... Bospasei kilo gehiago soinean!». Eta, jakina, hori guztia behetik hasita eta era librean.
Baina bide hori ez da Burgiko zintzurrean zabaldu duen bakarra. Motibazioz blai, «Lagun leialak» kateatu eta biharamunean beste sormen lan bati ekin zion. Hilaren 15ean Lukerekin hasi eta 20an Adrian Legarrarekin amaitu zuen. «Koldarren infernua» du izena (140 metro, 8a+, 7c derrigorrez), eta 22an kateatu zuen. Hau ere estilo berarekin.
Bi bideek ezaugarri berdinak dituzte: «Lehen luzea plaka bertikala da. Bigarrena, eroria duen diedroa. Hirugarrenak, desplome handi bat zeharkatzen du; hots, bi bideen gakoak dira. Eta laugarrena, plaka finak. Arrokaren kalitatea bikaina da, eta paraboltekin ekipatuta dagoenez, material gehigarria eraman behar da. «Lagun leialak» biderako fisurero eta friend (0.5-2) sorta bana eta 10 zinta. Eta «Koldarren infernua» marrarentzat fisurero, mikro eta friend (0.5-1) sorta bana eta 8 zinta. 80 metroko soka eraman batez ere rappelatzeko. Eta argi ibili, rappelak eroria baitu».
Burgiko arroilan dauden paretei kosk egin die eskalatzaile nafarrak. Momentuz, bi dira zabaldu eta kateatu dituen marrak. Krokisean ikusten den bezala, Maizek badu beste proiektu bat. Hasi, berez, hasi zuen, baina hegaztien habiak direla eta, ekaina arte bertan behera utzi behar izan du bere asmoa.
Inok ez du zalantzan jartzen Euskal Herriko kirol eskaladako ekipatzaile emankorrenetarikoa zarela. Besteak beste, Etxauriko urrezko garai berri baten bultzatzaile nagusietarikoa izan zara. Baina orain paretara egin duzu salto. Zure ibilbidean beste urrats bat al da?
Bai. Ez dut aldaketa bat denik uste, eskaladaren beste diziplinarik ez baitut baztertu. Baina betidanik erakarri izan naute pareta handiek, eta gehiago egin izan ez baditut, etxetik urruti xamar geratzen zaizkidalako izan da. Kirol eskaladan beti motibatuta egotea zaila egiten zait. Bizikleta, mendia eta, nola ez, alpinismoa izugarri gustuko eta beharrezkoak ditut; garai eta motibazioaren arabera, bata edo bestea egiten dut.
Kasu honetan, Burgiko arroilan, kirol eskaladaren masifikaziotik ihesi baino, paretak berak sortu zidan erakarpenari erantzunez zabaldu ditut bide horiek. Luze bakoitza edozein eskolatan 5 izarrekoa izango litzateke. Izugarri motibatu ninduen pareta horren aurkikuntzak. Hala ere, antzeko jarduerak beste alderdi batzuetan egiteko asmoak buruan ditut: Pirinioetan, Alpeetan, Taghian, Picu Urriellun... Guztietan daude izugarri motibatzen nauten paretak eta bideak.
Eta hasteko Burgira joan zara. Nola izan da hango agerraldia?
Etxaurin eskalatzen oso fin ez nenbilen egun batean, Mikel Zabalzarekin hizketan, Burgiko espoloiko "La caja de cristal" bidea gomendatu zidan. Hortik gutxira, Asier Lukerekin batera han azaldu ginen bide hori errepikatzeko asmoz. Hara iritsi eta espoloiaren beheko zatia blai eginda zegoela ohartu ginen. Bertan geundela, espoloiari jarraitzen dion paretak zuen itxura onari begira, basurdearena egiten, pareta azpiraino igo ginen. Erabat liluratuta jaitsi eta hurrengo egunean bertan geunden, bidea zabaltzeko traste guztiekin.
Ekipatzeko modu asko dago, baina argi geratu da zure kasuan kutsu alpinoa eman nahi izan diozula. Behetik ekipatuta, konpromiso handiko bideak sortu dituzu. Eta, gainera, zailtasun tekniko handiekin.
Kirol eskaladak ez duen zerbait badu alpinismoak: abentura eta konpromisoa. Horrelako pareta batean bide bat goitik zabaltzea kutsu alpinoa erabat kentzea da.
Nire ustez, harkaitzaren kalitateak uzten duen neurrian, ez akabatzeko moduan, ezinbesteko seguruak jarri behar dira.
Jakina, ekipamenduak norberaren maila fisiko eta psikologikoa baldintzatzen ditu.
Nire helburua harro sentitzeko moduko bideak zabaltzea da. Eta pareta hau ikusita, bertan burilada bat egitea bide bat erabat izorratzea litzatekeela iruditzen zait. Paretak zailtasuna eskaintzen du eta guk bideak ahal bezain garbi zabaldu ditugu.
Zer-nolako esperientzia izan da?
Oso eskarmentu bizia eta aberasgarria izan da, daratulua soinean duzula bide bat zabaltzen zaudenean, zentzumen guztiak horretan daude, gorputz osoa tentsioan duzu. Ahal bezain estilo garbiena erabiliz, ia progresiorako artifizialik erabili gabe.
Batere zalantzarik gabe bidea zabaltzearekin geratzen naiz, kateatzea mimoz prestatutako plater goxoa jatea bezalakoa izan da.
Uste dut eskalatzen daramatzadan urte guztietan, kontrolatu ditzakedan bizipenetatik, muturrekoenak bide hauek zabaltzen bizi izan ditudala. Sekulako zirrara sentitzen da bidea zabaltzen joan eta erortzear zaudela seguru bat jartzen duzunean; sentsazio horrek guztiz harrapatu nau. Aurten, zulagailu arin bat eta gako batzuk erosi ditut. Horrek eta etxetik gertu horrelako pareta bat aurkitzeak eman dizkit halako bideak zabaltzeko behar nituen baliabideak. Jakina, Etxauri eta inguruko eskoletan asteburuetan dagoen masifikazioak ere horrelako paretetara joatera asko lagundu nau.
Bi bide horiek konpromisoa eta zailtasuna uztartzen dituzte. Horrelakorik apenas dagoen Euskal Herriko panorama horretan. Horrela bada, kirol eskaladan bezala, paretan ere ekarpenak egiten hasi zara. Zein iritzi d uzu horri buruz?
Hemen daukagun arazo nagusia da izaera horretako bideak zabaltzeko pareta gutxi daudela; eskuarki, horrelako bideak egitera kanpora joan behar izaten duzu. Orokorrean, Euskal Herriko bide alpinoak estilo klasikokoak dira eta paretak etzanagoak. Nire iritziz, eskaladaren eboluzioarekin batera bideak zabaltzeko modua ere aldatzen da. Garai batean, artifizialean zabaltzen ziren bideak, eta ondoren liberatzen ziren. Orain, berriz, artifizialean zabaltzearen urratsa kendu da. Zuzenean eskalatzen igotzea aurrerapausoa iruditzen zait. Zenbat eta eskalada maila handiagoa izan, fisiko zein psikologikoa, orduan eta aukera handiagoak dituzu bideak zabaltzeko. Ingurumari honetan dauden paretek zentzu horretan ematen dituzten aukerak aprobetxatzea denbora kontua zela uste dut.
Ekaitz Maizek zur eta lur utzi ditu asko. Eta batez ere bere sormen lan horietan alboan izan dituenak. Adrian Legarra eskarmentu handiko eskalatzaile zein alpinista da, eta hark ere aitortzen du bere soka kidearen «izugarrizko meritua».
Ezusteko ederra Maizek Burgiko bi bide horiekin eman duena, ezta?
Eta zailtasunari begira oso gogorrak dira. 7b eta 7c derrigorrez eskalatu behar da.
Horrek guztiak esan nahi du edonor ezin dela bi bide horietan sartu, ezta?