GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Iraultza osoa

Iraultza da denon ahotan dabilen hitza, erregimen diktatorial luzeen kontrako herri xumearen iraultza. Denok gaude zer gertatuko zain, dela Tunisian, dela Egipton, Aljerian edo Jordanian -agian Marokon ere gerta liteke, etengabe zapaldutako sahararren konponbide-. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako politikariak euren interes ekonomikoek eta etorkizunerako panorama estrategikoak kezkatuta; herritarrok, berriz, «beste mundu bat izan liteke» esaeraren egiazkotasunak uholde-itxaropen eta giza harrotasunez bete gaitzan.

Egundokoa da herrialde horietan gertatzen ari dena. Batetik, manifestazioak eta aldarrikapenen bideratzea antolatzeko herritarrak izaten ari diren gaitasunagatik, Interneteko sare sozialak eta eskurako guztia baliatuta, baliabide baketsuak. Bestetik, herritarren botere-hartzea benetakoa eta irmoa izaten ari delako, botere zaharkitu, diktatorial eta zapaltzaileak gehiago itxaron barik botatzea lortzen ari delako. Tunisian ikusi genuen, Egipton ikusten ari gara orain.

Bateko zein besteko gertakizunen irudiak ikusten ari gara albistegi zein egunkarietan. Irudi eta argazki ugari, jende andana horietan guztietan. Jende horren aurpegian «nahikoa da» uste sendoak eragin ohi duen nekea eta amorrua, baina baita erabakitasun eta ilusioa ere. Irudi kolektibo horretan, eta zein herrialde diren kontuan hartuta, bereziki esanguratsua da emakumeak ere bertan izaten ari direla, kale eta plazetan, pankartak eskuan eta garrasia eztarrian.

Benetako iraultza izango bada, demokrazia eta askatasun aldarrikapenak errokoak eta arlo guztietara hedakorrak izango badira, ezinbestekoa da herrialde horietako emakumeen ahotsa kontuan hartzea. Kontuan hartu ez ezik, prozesu horren kide eta gidari ere izatea, ez baitie egoerarik aldatuko boterea egikaritzera etorriko diren gizonen ikuspegi eta proiektuak, baizik eta batik bat euren ekarpen eta iritzi nahiz asmoekin eraikitakoak. Hala nahi dute, eta hala erakusten ari dira.

Euren eskubideak defendatu baino ez dira egiten ari. Luzaroan beren herrialdeetako erregimenek eta botere sozial eta kulturalak isilaraziak izan dira. Ezin da alde batera utzi herrialde horietan erlijioak duen indarra, islamak egunerokotasunean duen presentzia sendoa. Horrela, politikariek alderdi ekonomiko eta politikoa kontrolatu duten bitartean, talde erlijiosoen eskuetan utzia izan da herritarren eta, bereziki, emakumeen kontrola, mezkitetan sartuta, etxera eta gizonaren gogora guztiz mugatuta. Ezin izan dute, orain arte, ikusgai izan; ahal izan dutenean, ordea, kalera atera dira herrikideen grina eta askatasun egarri beraz, aldarrikapen orokorrekin bat eginda, baina emakume gisa bereziki onartu behar zaizkien eskubideak ahaztu barik, geroko utzi gabe iraultzak ekarri beharreko aldaketak euren presentzia eta onarpena behar dituelako eskakizuna.

Irrikan gaude dena zertan bukatuko den ikusteko. Irrikan ikusteko bertako emakumeen liberazio guraria beste behin zanpatua edo, alderantziz, behin betiko kontuan hartua eta onartua izango den. Iraultza hizki guztiez idatz dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo