GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSE-PPren arteko itunaz ohartarazi du EAJk Markel Olanoren aurkezpenean

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Markel Olanoren hautagaitza aurkeztu zuen atzo ofizialki EAJk Donostian. Ahaldun nagusiak PPren eta PSEren hedatzea «gelditzeko» beharra azpimarratu zuen.


GARA | DONOSTIA

Datozen maiatzeko hauteskundeei begira, Eusko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia aurkeztu zuen atzo: Markel Olano. Eguerdian Kursaalen EAJko ordezkarien aurrean egindako ekitaldian hautagaitza aurkezteaz gain, datorren legegintzaldirako finkatu dituzten erronken berri eman zuten.

Olanok PPren eta PSEren aurkako hitzak izan zituen bere hitzaldian eta bi alderdi horiek euren aliantza udal eta aldundietara hedatzeko asmoa dutela salatu zuen. «Azken hauteskundeetan disimulatu zuten. Gaur, aldiz, ia ez», esan zuen. Horregatik, «egoera hori onartzen ez duten guztien artean» egitasmoa gelditzeko ahalegina egitea eskatu zuen.

Joseba Egibarrek, bestalde, ezker abertzalearen legeztatzeari erreferentzia eginez, hauteskundeetan egoteko aukerarik ez izatea «patetikoa» eta «barregarria» litzatekeela nabarmendu zuen. Gipuz- koan ezker abertzalearen indarra kontuan hartuta, «garai hori amaitu» dela defendatu eta «boto guztiak kontuan izateko ordua» dela esan zuen GBBko lehendakariak.

Ekitaldian EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk ezker abertzalearen legeztatzeari buruz jardun zuen, baina baita egungo egoera ekonomikoaren inguruan ere. Patxi Lopezi krisiaren eta langabezi tasaren igoeraren aurrean «ezbaikor» geratu izana leporatu zion. Horregatik, honako galdera luzatu zion: «Non dago ekonomia berpizteko benetako plana?». Krisiari aurre egiteko PSEren eta PPren hitzarmenak ez duela garapenik izan «nabarmena» dela ere esan zuen.

Markel Olanorekin batera, Eider Mendoza Bidasoa-Oiartzungo hautagaia izango da, Arantza Tapia Deba-Urolakoa eta Xabier Ezeizabarrena Donostialdekoa.

 

«GUZTIEN ARTEAN»

PSEk eta PPk euren aliantza udal eta aldundietara hedatzeko asmoa dutela ohartaraziz, «egoera hori onartzen ez duten guztien artean» egitasmoa gelditzeko ahalegina egitea eskatu zuen Markel Olanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo