GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BEREZKOAK

Waltarik ez du aurkaririk topatzen ligaskan

p036_f02.jpg


J.L.

Ez zen ezusterik izan Berezkoen Buruz Buruko Ligaskako bigarren jardunaldian, eta bi faboritoek, Harizmendik eta Waltarik, irabazi egin dute, eta kubatarrak finala jokatzeko txartela ia eskuetan dauka.

Amerikarrak ez zuen izan inongo arazorik Kurutxari egurtzeko, 40 eta 15 irabazi baitzion 38 minututan, Garendainen jokatu zen neurketan. Emaitzak dena erakusten du. Kubatarra hasieratik jaun eta jabe izan zen. Serio hartu zuen neurketa, eta Kurutxarik, berriz, berahala etsi zuen. Atzokoa ez zela bere neurketa ematen zuen, eta erraztasun handiak eman zizkion Waltariri. Lehendik amerikarra mendean hartzea oso zaila baldin bada, akabo erraztasunak emanez gero, eta atzo horixe gertatu zen, eta amaieran 15 kintzerekin geratu zen Kurutxari.

Botetik 10 tanto egin zituen Waltarik, eta bat besterik ez Kurutxarik. Jokoan, 27 egin zituen kubatarrak, eta 9 Nafarroa Beherekoak, eta galdu, berriz, 5 egin zituen txapeldunak, eta 3 euskaldunak. Markagailua honela joan zen: 5-0, 9-2, 15-5, 19-9, 33-10 eta 40-15.

Bigarren partidak kontatzeko asko izan zuen, nahiz eta faboritoak, Harizmendik, irabazi egin zuen. Amaieran, 40 eta 39 erakusten zuen markagailuak. Partida honetan, ordea, ezustea oso gertu izan zen, izan ere Bonebeltxek alde handia izan zuen markagailuan, baina erabat hustu zen, ia gehiago ezin zuela geratu zen, eta Harizmendik ederki baliatu zuen aurkariak zuen ahuldade hori, eta puntu batez garaipena erdietsi zuen.

Bonebeltxe bikain hasi zen, dena ongi eginez, Harizmendiri ia aukerarik eman gabe eta 14-32 aurretik izan zen. Partidak ia erabakita zirudien, eta ezustea egi bihurtuko zela ematen zuen, izan ere dirua doblean atera baitzen Harizmendiren alde.

Ia dena erabakia zegoela ematen zuenean, Bonebeltxe bere nekearen arrastoak erakusten hasi zen, eta ederki konturatu zen horretaz Nafarroa Beherekoa, eta markagailua murrizten hasi zen, eta 39-39 berdintzea lortu zuen. Amaieran Harizmendik ez zuen barkatu, eta ligaskako lehen puntua eskuratu zuen, eta finala jokatzeko aukerei eutsi egiten die.

Neurketak 76 minutu iraun zituen, eta honela joan zen markagailua: 2-0, 2-2, 2-8, 4-19, 8-23, 14-32, 20-36, 29-37, 35-39, 39-39 eta 40-39. Saketik 9 egin zituen Harizmendik eta 12 Bonebeltxek. Jokoan 26 egin zituen Harizmendik, eta 23 Bonebeltxek. Galdu, berriz, 4 eta 5 egin zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo