SOKATIRA | Euskal Herriko Txapelketa
Sokarrik ezustean hartu ditu faboritoak eta 640 kilotako txapela jantzi du
J.L.
Sokarrik eman du 640 kilotako ezustea, txapela eskuratuz. Abadiño zen faborito nagusia, eta ustez Ibarra zen bere aurkari nagusia, edo hori zen, behintzat zale askok uste zutena, baina Sokarri jaun eta jabe izan zen. Saioan zehar tiraldi bakarra galdu zuen, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuen.
Bigarren posturako lehia handia izan zen Ibarraren eta Abadiñoren artean, finalean berdinduta geratu baitziren, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hori Ibarrak bereganatu zuen, zilarrezko domina golkoratuz.
Sailkapen nagusia honela geratu zen: Txapeldun Sokarri izan zen 6 punturekin; bigarren Ibarra 4,5 punturekin; hirugarren Abadiño 4,5 punturekin, laugarren Berriozar 3 punturekin, bosgarren Amaiur 2 puntuerekin, eta azkeneko postuan, berriz, Ñapurrak taldea sailkatu zen puntu batekin.
Emakumezkoen 540 kilotan txapelduna erabakita zegoen, izan ere Badaiotzek azkeneko jardunaldia ekin aurretik ia dena erabakita zeukan. Emozioa bigarren posturako zegoen, Ibarra eta Sakana baitzeuden nahikoa orekatuta, baina Sakanak aurretik amaitu zuen, eta lehendik zuen aldea handitu egin zuen.
Ligaskaren ostean, honela geratu da sailkapen nagusia: Txapeldun Badaiotz izan da 18 punturekin; bigarren Sakana 10,5 punturekin, eta azkena Ibarra 7,5 punturekin. Badaiotzek alde nabarmena kendu die.