GARA > Idatzia > Kultura

Gorri dotore eta beltz basatiekin abiatu da maskaradaren ibilbidea

Inauterien sasoian barneratu zen atzo Santa Grazi, maskaradaren urteko lehen emanaldia preziatzeko aukera izan baitzuten bertara hurbildutakoek. Santagraztar gazteek landutako emanaldia ikusteko bildutako 400 ikusleek xorrotxen, kauteren eta buhameen dantza eta trufekin gozatzeko aukera bikaina izan zuten. Santa Grazin hasita, maiatzaren 15era bitartean luzatuko den Zuberoako herrien itzulia abiatu zuen aurtengo maskaradak.

p048_f03_148x84.jpg

Ainize BUTRON | SANTA GRAZI

Egun eguzkitsua izan zuten maskarada egile eta ikusleek atzo Santa Graziko gainetan, urteko lehen emanaldian. Goizean goiz, tradizioari eutsiz, barrikadek ireki zuten besta elizaren auzoan. Aitzindariekin batera, buhame, kauter eta xorrotxen taldea osatzen zuten beltz basatiak mendiz inguraturiko herrixkaren karrika hertsietan lekutu ziren, etxez etxe dantzari abiatzeko prest.

Goiz osoan jan eta edan ibili ondoren, apairu goxoarekin jarraitu zuten eguna. Azkenik, 15:30etik goiti eskaini zuten Zuberoako inauterien ikusgarri nagusia. Elizatik zortzi bat kilometrora kokatuta dagoen auzoan, Herriko Etxea eta eskola hartzen dituenean, eman zuten emanaldia. Zuberoatik bertatik zein Euskal Herriko bazter ugaritatik hurbilduriko lagunek bete zuten eskola publikoaren jostalekuan finkatutako gunea.

Plazara hurbildu bezain laster, buhameek, kauterek, xorrotxek eta maskarada osatzen duten gainontzeko pertsonaia ospetsuek ikuskizunaren erritmoaren edukia ezagutzera eman zuten. Bertan zeuden 400 ikusleak adi-adi zain zituztela, turutak joz eta petardoak bazter guztietan botaz barnatu ziren Herriko Etxearen auzoan.

Maskarada irekitzen duen usadiozko «Arribade» dantzarekin beraien trebeziak erakusteko aukera izan zuten lehendabizi banan-banan. Aitzindariak abiatu ziren, eta, ondotik, xorrotxak, biarnesak, auzapeza eta bere emaztea, Pitxu eta kauterak eta buhameak agertzen joan ziren. Zamaltzaina izan zen, hori bai, txalotuena.

Emakumeak eta gazteak

Dantzariak txalotu ondoren, bertan zeudenen harridura piztu zuen xorrotxak eta biarnesak emakumeak zirela ikusteak. Emakumeen presentzia Pitxuk berak nabarmendu zuen plazan bere lehenengo agerpena egin zuelarik. Biarnes batek deiturik, «hi haiz nagusia hemen? Noiztik hasiak dira neskatilak nagusitzen!», bota zion Pitxuk.

Aitzindarien taldean zeuden dantzari batzuen gaztetasuna ikusterakoan sorpresa nagusitu zen ikusleen artean. Hala eta guztiz ere, maskaradak, berriz ere, ikusleen irriak piztu zituen, inauteritako trufen garaia zabalduz. Lehen irriak auzapezak dantzari ekin ziolarik egin zituzten ikusleek, azken horrek dantzan egiteko zailtasun asko azaltzen zituelako. «Ukan du ba denbora ikasteko!», zioten berriz ere dantzan egin beharrik izango ez zuenaren esperantzan. Baina, auzapeza alde batera utzita, oro har, Santa Graziko dantzari eta arizaleak benetan trebe azaldu ziren. Zamaltzainak egindako lanarekin batera, xorrotxen abestiak eta doinuak handizki goraipatuak izan ziren.

Kabana eta maskaradetan leku nagusia duen Pitxu pertsonaia ere nabarmendu ziren. Kabanak iaz Hokin egin zen maskaradan ere izan zuen lekua. Emanaldi horretan asko goraipatu zuten ikusleek bere lana, eta, aurtengo ikusgarrian ere, gogoz txalotu zuten. «Pitxuren eta bere artean adiskidetasun handia nabaritzen da», zioten ikusleek ikuskizuna preziatzen zuten heinean.

«Arribade» lehen desfile-dantzaren ondotik, dantzak eta buhameen eta kauteren jukutriak aldizkatuz joan ziren. Eguzkipean, egun osoan dantzan eta bestan aritu ziren arizaleen akidura ez zen sumatu, eta, horrenbestez, ikusgarri ederrarekin gozatzeko aukera eman zieten ikusleei.

Argazkilaria jomugan

Espero zitekeen bezala, berehala berotu zen eskolako plazako giroa, eta, hala, bertan zeudenen irriak piztu nahian, kauter eta buhameak txorakeriak egiten aritu ziren etengabe. Halako batean, GARAko argazkilaria bera ere hartu zuten jomugan. Argazkiak lasaitasunez egiten ari zela, buhame bat lotu zitzaion zango batera. Gainera, buhamea gainetik kendu ezinik zela, kauter bat hurbildu eta bigarren zangoari lotu zitzaion. Argazkilariak ahalegin guztiak egin behar izan zituen zepotik askatzeko. Hamar minutuz askatu ezinda izan ostean, azkenerako lortu zuen berriz ere lanera itzultzea. Argazkilariarekin hasitako jokoa beste ikusleekin jarraitu zuten maskaradako partaideek ikusgarriak iraun bitartean.

Kontuan kontu, emanaldiak aurrera egin zuen, eta, azkenean, iritsi zen guztiek itxaroten zuten unea; ordutik aurrera, Pitxuk bereganatu zuen protagonismo osoa. Ohi bezala, gainontzeko pertsonaiek ez zuten lana behar bezala egiten, eta, ondorioz, laguntza beharrean zen biarnes batek deitu behar izan zuen Pitxu. «Oi, Pitxu, oi!» deiadar ospetsua hiru aldiz egin ondoren, Pitxu eskolatik hurbil zegoen etxe bateko leihoan azaldu zen, oihuka. Pitxu bertatik ateratzen ez zenez, biarnesak «haui hunat!» oihuka jarraitu zuen. Azkenean, Pitxu plazan sartu zen kauter eta buhameen multzoarekin bat egiteko.

Dantza, irri eta txaloen artean igaro zen arratsaldea Santa Grazin. Banan-banan, maskaradari dagozkion dantzak azaltzen joan ziren, baina, usaian ez bezala, ikusleei ikusgarrian parte hartzeko aukera eman zieten. Edalontziaren dantza ezagunaren ostean, azken urteotan maskarada gehienetatik desagertu den Braila Kontrapas dantza eman zuten Santa Grazin. Multzoan emanak, 100 bat ikusle dantzatzera gomitatu zituzten arizaleek. Maskaradan aditua den ikusle batek bere sorpresa adierazi zuen dantza hori egiten zutela ikusterakoan. «Luzea denez, maskarada askok ez dute gehiago egiten», argitu zuen.

Ohi bezala, Santa Grazi inguruetako gertakizunen trufak eta salaketak eginez bukatu zuten emanaldia kauterek. Inguruko herri guztiak izan zituzten aipagai. Hori bai, bereziki Larraine salatu zuten, «guztiaren aurka» den herria dela esanez: «Herri elkargoan sartzearen aurka, hartzaren aurka»...

DATAK

Maskaradaren hurrengo emanaldiak otsailaren 13an Altzain, 27an Arrokiagan, martxoaren 6an Atharratzen eta martxoaren 12an Idauze-Mendin izango dira. Maiatzaren 15era bitartean beste hainbat herritan ere eskainiko da ikusgarria.

HAUTESKUNDEAK

Kabanak hauteskundeak izan zituen aipagai ikusgarriaren bukaeran. Besteak beste, EHBai koalizioko hautagaiaren zuberotar hizkera bitxia goraipatu zuen trufa moduan. Hautagaia bertan zegoen eta umorez hartu zuen aipamena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo