GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren linea berriaren proiektua atzera dezaten eskatu du CADEk

CADEK, egungo linearen erabilpenari buruzko eztabaida «serio eta sinesgarria» baldintza egokietan egite aldera, AHT linea berriaren egitasmoa atzera dezaten eskatu die egitasmoaren sustatzaileei.

Ainize BUTRON | BAIONA

«2006an aurkeztua izan zen proiektua neurriz kanpo handitua izan da eztabaida publikoaren komisioarekin bat egin ahal izateko. Datuak puztuak izan dira, baina, errealitatera itzultzen ari gara. Horrek gure hipotesiak indartzen ditu», goraipatu zuen atzo CADE Ingurumenaren Aldeko Taldeen Batzordeko ordezkari Victor Pachonek.

Joan den otsailaren 9an azpiegituren gaiaren inguruan egindako bilkuran, RFF burdinbide sarearen frantses kudeatzaileak eta linea berriaren sustatzaileak emandako datuak gogora ekarri zituzten CADEko kideek. Trafikoa murriztuko dela aurreikusten dela-eta, RFFk Mugerreko Fret zentroarekin tren lotura egitea baztertu, eta Baionarekin lotura egiteko linea bakar bat erabiltzeko asmoa duela jakinarazi zuten. Aldaketa horiek kontuan harturik, linea berriaren sustatzaileak «trafiko orokorraren murriztea» kontuan hartzen ari direla nabarmendu zuen, bestalde, CADEko kide Jose Lavictoire.

Estatu frantsesean «egitasmo erraldoi horiek zalantzan» jartzen ari diren une honetan, eta, herritarren baitan, «diru publikoa horrelako proiektuetan xahutzeak sortzen duen gaizki egotea ikusirik», AHT linea berriaren proiektuari moratoria ezartzeko eskatu die CADEk azpiegitura handietarako koordinatzaileari, Akitaniako Kontseilu Orokorreko lehendakariari eta Baionako suprefetari.

Epe horretan linea berriaren aurkariek egungo linearen erabilpenari buruzko eztabaida «serios eta sinesgarria» egin dadin eskatu zuten berriz ere. «Hainbat gairen inguruan eztabaida irekitzea nahi dugu: egungo burdinbidea berrituz, auzoen babesa, bidaiari kopuruen antolaketa eta modernizazioa zein izango den, besteak beste. Eztabaida horrek linea berriaren egitasmoa bertan behera uztea ekarriko luke», nabarmendu zuen Victor Pachonek.

Zundaketak, aurrera

CADEk Fondasol enpresak urtarrilean hasi zundaketen aurka borrokan jarraituko duela ohartarazi zuen. Izan ere, Fundasolek laurogei zundaketa egitea aurreikusita zuela eta «manifestaldiei eta jabeen ezezkoei esker» bost baizik ez dituela egin argitu zuten. «Zundaketak berriz abiatuko dituzte, baina, oraingo honetan Geotec eta ETI enpresek eginen dituzte hogei gune ezberdinetan. Horien aurkako mobilizazioekin jarraituko dugu», adierazi zuten.

Hauteskundeak

Kantonamenduko hauteskundeak direla-eta, hautagai guztiei gutuna helaraziko die CADE batzordeak. AHT linea berriari buruz daukaten iritziaren araberako bozka deialdia eginen du kolektiboak.

Galdeketa

Bi galdeketa egin ditu RFFk egitasmoa finkatzeko. Lehenean parte hartzeari uko egin bazion ere, bigarren galdeketan «egitasmoa bertan behera uzteko» eskatuz bidalketa masiboa egin zuen CADEk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo