GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eider Zuriarrain aske utzi dute, datorren asteartean euroagindua aztertu arte

GARA | DONOSTIA

Eider Zuriarrain deustuarra aske utzi zuen atzo Paueko Auzitegiak, hainbat neurri ezarrita. Zuriarrain, Auzitegi Nazional espainolak igorritako euroagindu eskaria zela medio, aurreko ostegunean atxilotu zuen Polizia frantsesak Lapurdin, eta atzo eskaera hori aztertzeko saioa izan zuen Pauen. Hala ere, Xantiana Cachenaud abokatuaren hitzetan, eskaera ezin izan zuten atzo aztertu, Justizia frantsesak oraindik ez omen duelako esku artean. Datorren asteartera arte atzeratu dute saioa.

Patxi Segurola ere aske uzteko erabakia hartu dute epaitegi frantsesek hamaika urteren ondoren, baina, ziur aski Estatu frantseseko herriren batean konfinatuko dute. Hain justu ere, Versailleseko epaitegiak atzera bota ditu Segurolaren aurkako bi estradizio eskaera.

Usurbildarrak azaroaren 30ean bete zuen Estatu frantsesean ezarritako zigorra. Hala, kanporatua izan eta Estatu espainoleko polizien eskuetan geratzeko arriskua zuenez, ia hogei egun gose greban egin zituen. Lehendik Justizia frantsesak Auzitegi Nazional espainolaren bi estradizio eskaera atzera botata bazituen ere, zigorra betetzeko bi egun eskas geratzen zitzaizkionean preso usurbildarrari jakinarazi zioten beste eskaera bat zegoela. Estraditatua izanez gero, epaile espainolen esku geratuko zela-eta, gose greba bertan behera utzi zuen Segurolak; preso mantentzeaz gain, espetxez aldatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo