GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Pasatako une txarrak ongi etorri zaizkit eskarmentua hartu eta zailtzen joateko»

p038_f01.jpg

Jon Apezetxea

Aspeko arraularia

Jon Apezetxea 1988ko apirilaren 12an jaio zen Goizuetan eta 2006ko urtarrilaren 31n egin zuen debuta profesionaletan, 17 urte besterik ez zituela. 2006ko abenduaren 19an, profesional bezala urtea bete aurretik, Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatu zuen. Eskuetako arazoak eta lesioak tarteko bolada txarra igaro ostean, joko maila bikaina erakusten ari da azken boladan.

Asier AIESTARAN

Apezetxea eta Cecilio dira orain arteko Bigarren Mailako Txapelketan bikoterik onena. Goizuetarra fin dabil eta finalerdiak esku-eskura dituzte.

Zazpi partida jokatu eta sei irabazi. Ez dago batere gaizki.

Balorazioa oraingoz behintzat oso ona da. Finalerdietarako ia-ia sailkatuta gaude, baina oraindik puntu bat falta zaigu matematikoki hor sartzeko. Hasiera oso ona izan genuen, baina gero Ezkarain partida bat galtzea tokatu zitzaigun. Joko ona erakusten ari garela uste dut eta tanteoak ere onak lortu ditugu. Cecilio ere pixkanaka goraka joan da eta argi utzi dugu kontuan hartzeko bikotea garela.

Kantxan oso gustura antzematen zaizu, sasoi puntu onean.

Bolada txarrak izan ditut, batzuk nahikoa luzeak gainera, eta noizbait bolada onak ere iritsi behar zuen. Lanean segitu izan dut beti; enpresak ere konfiantza eman dit, eta aurreko udan ikusi zen zenbat eta partida gehiago jokatu, orduan eta maila hobea lortzen dudala. Eskuek ongi erantzun didate eta jarraitutasun horrekin jokoa hartu dut.

Ceciliorekin gustura?

Bai. Lehen ere afizionatu mailan askotan jokatuta gaude elkarrekin eta konfiantza handia daukagu elkarrengan. Kantxan ikusten da, elkarri esan beharrekoak esateko ere arazorik ez daukagula. Kantxa barruan ongi moldatzen gara eta kanpoan zer esanik ez. Eta horrek asko laguntzen du.

Atzelari atipikoa izan arren, ongi moldatzen zarete.

Berak jokatzeko modu bat dauka, nik neurea daukadan bezalaxe. Airez asko sartzen da; moztu ere beste pilotari batzuk baino gehiago egiten du, baina erakutsi du modu horretan min asko egiten diola aurkariari. Aurrelariak estu hartzen ditu eta pilota gutxi galtzen du. Gustura antzematen zaio, hori da garrantzitsua.

Ostiralean Zestoan jokatuko duzue Olaetxea eta Albisuren kontra, jokatutako azken bi partidak irabazi dituen bikotearen aurka.

Gorakada dezentea izan dutela esango nuke. Une txarra pasa zuten txapelketaren hasieran, baina guk geuk ere aurreneko jardunaldian beraien aurka irabazteko asko sufritu genuen. Azkenaldian erakutsi dute kontuan hartzeko bikotea direla. Albisu oso ongi dago eta Olaetxeak ere bere puntua harrapatu du. Partida gogorra izango da.

Orokorrean begiratuta, Bigarren Mailako Txapelketa polito doala esan al daiteke?

Nik uste partida onak ateratzen ari direla. Sailkapena ere oso parekatuta dago: gu sei punturekin gaude, bostekin beste bi bikote badaude, laurekin bat, hirurekin beste bi... Horrek esan nahi du enpresek bikote oso parekatuak jarri dituztela eta txapelketa polita ateratzen ari dela.

Horren gaztea izan arren, profesionaletan bost urte bete dituzu jada. Zer balorazio egiten duzu ibilbide horretaz?

Galdera ona da. Debutatu nuenetik askoren ahotan ibili naiz. Oso gazterik pasa nintzen profesionaletara eta ez nuen eman behar zen maila. Eskuetatik gaizki ibili nintzen, lesioek ere ez zidaten lagundu, eta partida asko galtzen nituen nire jokorik erakutsi gabe. Une txarrak pasa nituen, baina era berean horrek irakatsi egiten dizu; hankak lurrean eduki behar direla eta pixkanaka egoerari buelta ematen saiatu beharra daukazula. Batez ere, lanean segitu behar duzula.

Horren gazte debutatzea kalterako izan zela esango al zenuke?

Ni ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Jende askok kontrakoa pentsatuko du, baina niri enpresak bere konfiantza eman zidan eta elkarrekin hartutako erabakia izan zen. Eskarmentu bezala, uste dut jasotako kolpeak eta pasatako une txarrak ongi etorri zaizkidala zailtzen joateko eta mundu honetan zer dagoen ikasten joateko.

Zer prestaketa plan jarraitzen duzu gaur egun?

Tolosan nabil, Justo Lillorekin. Astean hiru aldiz joaten gara eta hobekuntza nabaria izan da berekin nabilenetik. Fisikoki egurra ematen digu, asko daki, eta ikusten da berekin gauden pilotariok ongi gabiltzala: Barriola, Aritz Lasa, Idoate, Xala, Olazabal, Zabaleta... Gehienok hor gaude eta gustura gabiltza. Igandean jokatzea tokatzen bazait, adibidez, astelehenean, asteazkenean eta ostiralean lan fisikoa egiten dut Usabal kiroldegian, eta asteartean eta ostegunean, frontoiko entrenamendua Jokin Etxanizekin.

Aurrera begira, zer helburu jartzen dizkiozu zeure buruari?

Ez zait etorkizunean gehiegi pentsatzea gustatzen. Orain bezala jokatzen segitzea da garrantzitsuena eta ea denborarekin pixkanaka gora egiten dugun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo