GARA > Idatzia > Mundua

Filipinetako buruzagi komunista bat atxilotu arren, elkarrizketa aurrera doa

Alan Jasminez Filipinetako buruzagi komunistaren atxiloketak ez ditu zapuztu atzo Norvegian matxinoek eta Manilako Gobernuak hasi zituzten negoziazioak. Sei urteko etenaldia izan du elkarrizketa prozesuak, eta oraingoan akordioa lortuko dutela espero da.

p022_f01_048x096.jpg

Pierre-Henry DESHAYES (AFP)

Filipinetako Gobernuak eta matxino komunistek, sei urteko etenaldiaren ostean, berriro ere bake elkarrizketei ekin zieten atzo Nesbrun, Oslotik gertu, nahiz eta agintari komunista baten atxiloketa zela-eta, asmoa kolokan jarri.

«Elkarrizketa ez da ahuleziaren seinale. Adoretsuen estrategia da, ateak irekitzen dituelako», adierazi zuen Norvegiako Atzerri ministroorde Espen Barth Eidek Oslotik gertu dagoen fiordo bateko hotel batean elkarrizketak hasi zirenean.

Behatzaileen arabera, ateak itxita zazpi egunetan Manilako Gobernuaren eta Fronte Demokratiko Nazionaleko (NDF) -Filipinetako Alderdi Komunistaren (CPP) erakundea- ordezkarien artean egingo diren negoziazioek ez dute porrot egingo.

Norvegiaren bitartekaritzak gidatuta, elkarrizketatik erreforma ekonomikoak eta sozialak aterako dira, batez ere nekazaritzaren arloan, komunistek eskatzen duten bezala.

Filipinetan Alan Jasminez buruzagi komunistaren atxiloketaren hurrengo egunean hasi ziren elkarrizketok.

Hamahiru heriotza leporatzen dizkiote Jasminezi eta Gobernuak eta matxinoek adostu zuten su-etena hasi eta ordu gutxira atxilotu zuten, negoziazioak porrot egiteko zorian jarriz.

Jasminez berehala askatzeko eskatu zuen NDFk, negoziatzaile komunisten aholkularia zela, eta ondorioz immunitatea zuela nabarmenduz.

«Alan Jasminez, NDFren aholkularia, ahalik eta lasterren askatzen ez badute, negoziazioak zapuztu daitezke», esan zion France Presse-ri Luis Jalandoni ordezkaritza komunistaren buruak.

«Espero dezagun honek elkarrizketak ez oztopatzea, baina negoziazioen bigarren ziklorako aske izatea espero dugu», gaineratu zuen. Oraindik ez da finkatu bigarren ziklorako datarik.

Jalandoni bezala atorra tradizionalarekin jantzita, Manilako Gobernuko ordezkaritzaren buru Alexander Padillak adierazi zuen, ordea, Jasminezek betetzen duen lana zehaztu behar dutela agintariek haren immunitatea onartu baino lehen.

Gobernuaren eta komunisten arteko azken elkarrizketa 2004an izan zen. Komunistak AEBetako eta EBko «terroristen zerrenda beltzetik» ezabatzeko egin zuten eskariaren ondoren porrot egin zuen negoziazioak.

Atzo, berriz, giro ona zen nagusi negoziatzaileen artean. Bi aldeetako ordezkariak elkarrizketan azaldu ziren argazkietan, atzean Norvegia elurtua azaltzen zelarik.

Manilaren asmoa 2014 baino lehen matxinoekin bake akordioa sinatzea da.

«Argi dago gauza askok banatzen gaituztela mahaiaren bi aldeetan gaudenoi, baina elkartzen gaituzten gauza asko ere badira», esan zuen Benigno Aquino Filipinetako presidentearen aholkulari Teresita Quintos-Delesek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo