Ariane Kamio Kazetaria
Etxe jabea, maizter bila
Handinahikeria izaera arriskutsua da oso. Dena handi, dena erraldoi, dena besteena baino hobea izateko nahi horrek ezerezean utz lezake ideiarik perfektuena ere, eta ametsen memorian lurperatuta gera liteke per saeculae saeculorum.
Zaila da ulertzea, gaur egungo krisi egoerari begiratuta, oraindik oinak errealitateari ondo itsatsi gabe bizi den jendea dagoela ikustea. Hots, behar dena baino gehiago nahi izateaz, gastuak murriztu beharrean haiek makillatzeaz eta egungo gizartearen egoeraz jabetzeaz arduratzen ez diren agintarien aginduetara egon beharraz. Kulturaz ari naiz.
Euskal kulturari asko eman zaio azken urteetan, baina asko izan dira baita ere fronte ezberdinetan pairatutako galerak; ikusleriaren kopuruan, inbertsioen alorrean... Baina, batez ere, euskal kultura identitate gisa erabiltzeko jardunean. Baten batzuk badira, oraindik orain, oinarri hori abiapuntutzat hartzen dutenak beren sorkuntzetarako, nahiz eta instituzioen helburuek urrun ikusten dituzten halako beharrizanak.
Zenbat aldiz eztabaidatu ote da AHTren beharraz? Eta Tabakaleraren kostu ekonomiko handiaz? Ez da zilegi esatea batak zein besteak ez dutenik onurarik ekarriko (nahiz eta agian galerek pisu gehiago hartuko duten), baina bi erraldoiek, euskal gizartean nabarmen ikusten direnek, talka egin dute azken egunetan. Tabakalerak 6.000 metro koadroko «aukera espazioa» du, oraindik bere edukia zehazteke duena. Eta AHT Donostian lekua bilatzen ari da; etxe jabea maizter bila. Eraikinak, kasu honetan, hiru jabe ditu, ordea. Guztiak abiadura handiko trenaren aldekoak, printzipioz, eta Tabakaleraren egitasmoari ehunka milioi emango dizkiotenak. Interesek, alabaina, kontrajarriak dirudite eta, kasu honetan, ez dago arrain txikia jan dezakeen arrain handirik, biak baitira baleak bezain pisutsuak. Abiadura Handiko Kulturan bizitzeak arrapaladan dakar guztia, eta arrapaladan darama aurretik eraman beharreko dena. Nik, aukeran, nahiago trenaren azken bagoia, istripuetatik errazago libratzeko-edo.