Angel Ugarteburu | Elgoibar
Jenaro Garate joan da
Gotzonek agur egin zigula badira bi urte pasa. Ondoren, urtebetegarrenean joan zen Ignazio anaia ere eta arreba nagusia Anita, neure amaginarreba, gero. Azken abenduan egin zigun agur gure seme-alaben amamak eta orain, bi hilabete pasa ez direnean, Jenaro joan da gure artetik. Giza gorputzak berez dakar iraungitze data eta guk ezin horri itzuri egin, baina bai joan direnak maitasunez gogoratu eta haien irakaspenak jaso.
Hil baino pare bat egun lehenago izan nuen osabarekin berba batzuk egiteko aukera. Estu eta maitekor heltzen zidan eskutik, nahigabeen artean lasai. Hunkigarria Pakita emazteak azkenera arte eskaini zion arreta eta bizi poza. Egia galanta da, gero, gizon handi baten ondoan beti egon ohi dela are handiagoa den emakumea. Eta alderantziz ere bai, dudarik gabe.
Jakin Irakurgaiak sailean argitaratu zuen liburu bat eskuetan nuela hurbildu nintzaion azken bisita horretan. «Bigarren aldiz nabil irakurtzen, astiro-astiro», esan nion, eta irribarrea atera zitzaion. «Gizakia maitagogoa da (nire aitorpen filosofikoa)» da liburuaren grazia.
Humanitate eta filosofia gaiak landu eta gero Ekonomia ikasketak egin zituen Madrilen eta gai horiei lotuta lan egin jubilatu artean. Baina bere benetako gogoa bizitzaz, justiziaz, maitasunaz... pentsatu eta pentsaraztea zen. Etika arloa jorratu izan du azken urteotan bereziki, Deustun etikako irakasle eta maisuen maisu izan den bere anaia Romanekin batera. Hark izango du zer kontatu Jenaroren kezka eta gizakiarekiko grinaz eta nik baino hobeto eta sakonago emango luke horren berri.
Mahai gainean ditut azkenaldian hark argitaratutako bi liburu, anaia Romanen hitzaurre eta guzti biak ere. Aipatu berri dudana, alde batetik, nire ustez oso interesgarria dena, eta Gero etxeak 2004an argitara emandako «Gizakia eta...», ekonomia, politika, zientzia-etika, filosofia, bestea.
Harrigarria da zientzia arloko zehaztasunetan ohitua den gizon batek nolako garrantzia ematen dion gizakiaren sentimenduei. Gizakia, azken batean, maitagogoa baino ez dela esateraino.
Trinkoak dira haren pentsamenduak eta laburtzen zailak, bai idatzi dituen liburuetan eta bai aldizkarietan eman dituen artikulu askotan... «Karmel»en, «Jakin»en eta beste batzuetan. Hobe haren liburu eta gainontzeko idatzietara jotzea, horretaz jabetzeko.
Gizon argi, zorrotz eta sentimendu sakoneko osabaren berri eman nahi nuen, aldendu zaigun honetan. Zure maitagogoak betiko iraungo du.