GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Espainia biluzik dago

Euskaldunok geure buruari eman genion estatua, Nafarroa, zatika-zatika, kolpez kolpe espainiarrek suntsitu eta hegoaldea mendean jarriz geroztik, nafarrok espainiarren barruko liskarretan nahasturik ibili izan gara beti. Zuzenean espainiarrenak ziren arazoetan esku hartuz gure herriaren askatasun edota estatuaren berreskurapenaren alde borrokatzen ginelako ustea ere izan dugu batzuetan: Navas de Tolosan, Ameriketako konkistan, erlijio guduetan, Karlos eta Isabelen arteko erregetza jaraunspen arazoetan, errepublika ala faxismoaren artean erabakitzekoan...

Gaur egun, ordea, espainiarrak bakean daude. Ez dute errege-dinastia arteko liskarrik, ez esker-eskuin arteko estatu-ereduan ezadostasunik, ezta Eliza katolikoaren presio nahikorik gerra saindua eragiteko. Espainiarrek bakea lortu ondoren, espainolak ez diren nazioen arazoa azaldu zaie bere gordintasun osoan: Katalunia; Euskal Herria; Galizia, lo badago ere; Al Andalus, esnatu ez bada ere. Aro berri honetan, Espainia larru bizirik geratu da ispiluaren aurrean, baina gu ere bai.

Aro berri honetan «zaharrak berri» gurean. Frantsesek eta espainolek konkista bidez lotu gintuzten haien estatuetara. Konkistaz, era ez legitimoan, beraz. Oraingo instituzioak haien jarraipenekoak dira, legalak, baina ez legitimoak gurean. Haiek euren arazoak euren estatu propioetan konpondu beharko lituzkete eta guk geurean. Esan gabe joan da espainiarrek faxismoaren eta demokraziaren artean erabaki beharko balute, euskaldunok demokraziaren alde izango ginatekeela, baina ez dagokigu guri hori legitimatzea, ez bederen edozein europarri dagokion neurri handiagoan edo txikiagoan.

Oraingoz, ordea, alderdi politikoak Euskal Herrian legitimatu arren, Espainian legeztatu behar izaten dira. Horrek disfuntzio ugari sor lezake. Espainian legala dena, agian, ez da legitimoa Euskal Herrian eta, aitzitik, Euskal Herrian guztiz legitimoa dena, agian, ez da legala Espainian. Ondorioz, aterabide bakarra du mendeak dirauen afera honek: alegia, Euskal Herrian legitimoa dena nafar estatu europarrean legeztatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo