GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolaritzan eragiten duten inertziei buruzko eztabaida, «Bertsolamintza» jardunaldietan

p041_f01_096x092.jpg

GARA | DONOSTIA

Bertsolaritza mundua ez da soilik afariz edo txapelketaz hornitzen, kezkak eta gogoetak ere badituzte. Hala, 1993an, bertsolaritzari buruzko gogoetak lantzeko bilgunea sortu zen, «Bertsolamintza» izeneko jardunaldiak, alegia.

Geroztik beste bi ekitaldi izan dituzte, eta aurten berriro heldu diote ekimenari. Hilaren 26an hasiko da edizio berria, eta martxoaren 12ra bitartean, bost egunetan egingo dituzte saioak.

Bertsolaritzan eragiten duten inertziei buruzkoa izango da aurtengoa: irakaskuntzan, txapelketetan edota ideologian atzematen direnak, adibidez.

Lehen saioa Sarako Lur Berri aretoan egingo dute, eta bertan Eric Dicharrayk umoreari buruz hitz egingo du. Jarraian, Andoni Egaña inertzia ideologikoei buruz arituko da, eta azkenik, psikologiaren alorreko Amaia Vazquezek hartuko du hitza, inprobisazioaz jarduteko. Gainera, 20.30ean bertso-afari esperimentala egingo dute, hitzaldietan landutako gaiekin zerikusian. Bertan parte hartzeko txartela erosi behar da, eta erreserba egiteko, honako telefono zenbakietara deitu: (0033) 559 54 27 58 edo 673 90 03 52 .

Martxoaren 1ean Gasteizko Amaia zentroan elkartuko dira txapelketen inertzien ingurukoak jorratzeko. Martxoaren 4an Iruñeko Hizkuntza Eskolan bertso eskolak izango dituzte aztergai, eta martxoaren 10ean, Durangoko kafe antzokian, generoari buruzko eztabaida egingo dute. Azken egunean, martxoaren 12an, Villabonako Gurea antzokian elkartuko dira aurreko egunetan esandakoak laburbilduz. Amaieran bertso saioa egingo dute -erreserbak komunikazioa@bertsozale.com helbidean-. Hitzaldiak Internet bidez zabalduko dira, www.bertsoa.com webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo