GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrikari buruzko material didaktiko berria jarri dute ikastetxeen eskura

Korrikak eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak material didaktiko berria aurkeztu zuten atzo. Unitate didaktikoak dira, eta Korrika ardatz hartuta, adin tarte guztietara egokitutako ariketak proposatzen dituzte. Eskolen eta ikastolen eskura jarriko dute laster.

p014_f02.jpg

Nerea GOTI

Korrikak eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak elkarlanean sortu duten material didaktiko berria aurkeztu zuten atzo Bilbon. Edurne Brouard 17. Korrikako arduradunak zehaztu zuenez, Korrikari buruzko unitate didaktikoak dira, hamar egunetan lantzeko moduan prestatuak. Eskola eta ikastola guztiek eskura izango dute datorren astetik aurrera, Korrikaren eta Ikastolen Konfederazioaren webguneetatik jaisteko aukera izango baitute.

Korrikaren mezu, kanta eta bideokliparen ingurukoak ikasgeletan lantzeko sortu dituzte ariketok, eta Korrika Txikirako prestaketara gonbidatzen dute, euskararen erabilera sustatzea eta indartzea helburu nagusia izanik.

Adin-talde guztietarako materiala dago, Haur Hezkuntzako ikasleetatik hasi, eta 12-18 urtekoekin lantzeko modukoak, era askotako ariketak bildu dira-eta.

Brouardek nabarmendu zuen 17. Korrika honek baduela interes berezi bat gazteengana heltzeko. «`Euskalakaria'-rekin batera diseinatu dugun kanpaina osoan zentratu gara teknologia berrien erabilpenean, euskalaklipak...apropos egindako aukera bat da, uste dugulako adin tarte horretan dauden askok `pribilegio' hori eduki dutela, euskaldunak dira, badakite euskaraz, orain pausoa eman behar dute eta euskalakari izatera deitu nahi ditugu», azaldu zuen.

Atzoko agerraldian Maider Legarreta gaztetxoak hartu zuen parte. Korrikari eskainitako abesti baten egilea da galdakoztarra, eta kanta hori ere erabili dute unitate didaktikoetan, «hutsuneak bete» eta gisako ariketak lantzeko.

Kristina Goena unitate didaktiko berrien egile eta koordinatzaileak hezitzaileekin eta ikasleekin «testatutako ariketak» direla azaldu zuen, eta teknologia berrien erabilerari ematen dioten garrantzia nabarmendu zuen. Testuinguru horretan, blogaren erabilera indartu nahi dutela adierazi zuen eta jada abian den Euskalakari bloga aipatu zuen.

Baliabide berri horien edukiaz, bestalde, hizkuntzarekin batera bestelako jakintza arloak lantzeko aukera izango dela nabarmendu zuten: gizarte zientzien ibilbidea lantzen denean, plastika, lekukoa edota petoa egiteko, edota soin-hezkuntza, dantza lantzerakoan, besteak beste.

Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak materiala ikastola eta eskola guztietara zabalduko dutela adierazi zuen. «Korrikan partaide izatea ohorea» dela adierazi ostean, «aurtengo Korrikaren mezuak dioen fazeta guztietan euskalakariak gara gu ere, ikastolak, ikastolako jendea, euskalakariak nahi ditugu euskal herritarrak oro», gaineratu zuen.

adin guztientzat

Korrikaren unitate didaktikoetan era askotako ariketa eta jarduerak bildu dituzte, adin tarte guztietara moldatzeko. Ikastetxe guztietara gutuna bidali dute honen berri emanez, erabiltzeko aukera izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo