GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Rap talde euskaldunen topaketak egingo dituzte Hernanin

Info7 irratiaren bosgarren urtemugaren ekitaldien artean, Euskal Rap Taldeen Topaketak antolatu dituzte biharko Hernanin. Bost izango dira taula gainera igoko diren hip hop taldeak: Lapurdiko MAK, Bizkaiko Norte Apache, Arabako Indarrap, Nafarroako Goienetxe Anaiak eta Gipuzkoako %100 Gourmet. Egunez egun handituz doan musika eszena baten lagin txiki baten erakustokia izango da biharkoa, mugimendu zabal baten adierazle.

p044_f01_148x136.jpg

Koldo OTAMENDI | HERNANI

Azken urteotan etengabean gora egin duen mugimendua da hip hopa. Erritmo kaletarrekin identifikatzen den hip hopa musika baino harago doan eszena anitz baten adar bat da, graffitigileak edota break dantzariak biltzen dituen joera baten soinu banda. Rock musika nagusi den gure paraje hauetan, toki egiten ari den musika era da. Talde askok gainera, euskara dute hizkuntza nagusia.

Euskal hip hoparen lehen arrastoak duela hamarkada pare bat M-ak edota Negu Gorriak taldeek egin zituzten keinuetan antzeman genituen, batez ere, Public Enemy bezalako taldeen eraginez. Aurretik saiakera batzuk izan baziren ere, Selektah Kolektiboaren sorrerak lehen mugarri garrantzitsua ezarri zuen, zuzenekoetan platerak eta scrachak erabiltzen hastean. 2000. urte inguruan sortu zen egitasmoak bidean iraupen luzeko bi disko eta zuzeneko emanaldi piloa utzi zituen, taldea 2005ean desegin zen arte.

Garai hartaraino gurean nahiko ezezaguna zen mugimendu bat erakustearekin batera, musika sortzeko baxu, bateria eta gitarraz gain, beste musika tresna batzuk ere bazirela aldarrikatu zuen, eta hip hop musika ere salaketak eta aldarrikapenak egiteko tresna egokia zela plazaratu. Harresiak hautsi behar izan zituen Selektah Kolektiboak, errima eta erritmo bakoitzean. Gaur egungo egoera bestelakoa da, ordea.

Errima eta erritmoak

Info7 irratiaren ekimenez, Euskal Rap Taldeen Topaketak izango dira bihar Hernanin. Bost egitasmok hartuko dute taula gaina, nahiz eta gehiago ere izan zitezkeen, euskal hip-hoparen gaur egungo egoera askoz ere zabalagoa baita. Lapurdiko MAK, Bizkaiko Norte Apache, Arabako Indarrap, Nafarroako Goienetxe Anaiak eta Gipuzkoako %100 Gourmet taldeek osatuko dute afixa. Horiek guztiek ezaugarri komun bat dute: euskararen presentzia nabaria da euren kantuetan, erabatekoa izan, edo kantu batzuetakoa izan. Etengabean handitzen ari den eszena baten adierazle izango dira bost taldeak. Parte-hartzaileen artean beteranoenak dira MAK egitasmoko kideak (Musika Armatu Komandoa egun, Mikrofon Addikt Klan urteak atzera). Iraupen luzeko hiru disko argitaratu dituzte, eta zuzeneko emanaldietarako formatu ezberdinak erabili izan dituzte azken urte hauetan guztietan. Taldean egituraketak izan eta gero, egun Jon eta DJ Alf-ek osatzen dute MAK egitasmoa.

%100 Gourmet egitasmoa, bestalde, Donostia aldetik dator. Taldea baino gehiago, hip-hop musika maite dutenen bilgune edo topagunea da egitasmoa hau. Talde egitura finko bat baino gehiago, unean uneko topaketak egiten dituzte, eta emanaldi bakoitza ezberdin eta kilikagarri bilakatzend dute horrela. Grabaketak eta zuzeneko emanaldiak tartekatu izan dituzte taldea martxan dabilen bost urteetan.

Goienetxe Anaiak izen bitxiaren azpian, Ultzama bailarako hiru musikari batzen dira: DJ Biguria, Mr Fru eta ZKH. Hip hopa eta rapa musika kaletarraren adierazpidetzat hartua izan da beti, hortaz, bitxia da zinez, taldekide hauek jatorriz landa eremukoak direla jakitea. 2010, urtean argitaratu zuten lehen grabaketa, «Heriotz artio» izeneko autoekoizpena. Nafarroatik Arabarako bidea eginez, Indarrap izeneko taldea topatuko dugu Gasteizen.

Euskal Herrian egindako hip hopean bide luzea duten zenbait musikari batu dira egitasmo honetan, tartean Fat Fish izeneko abeslari ezaguna. Gaztelaniaz eta euskaraz jarduten dute, eta «Sin perder el norte» izeneko diskoan bildu dute orain arteko lana.

Azkenik, Norte Apache taularatuko da Hernanin. "Hesiaren beste aldean" (MusikHerria) lana dute aurkezpen txartela, eta Euskal Herriko hip hop musika egitasmo guztien artean zuzeneko gehien eskaintzen dituztenak dira. Euskal Herrian ez ezik, Parisen eta Madrilen ere eskaini dituzte emanaldiak.

Musika era anitzak, Info7 irratiko saioen eskaintza

Info7 irratiaren programazioan garrantzi handia du musika eskaintzak. Egunean zehar musika zabaltzeaz gain, gau parteko saioak ugariak dira, hala nola «Hegoaldeko Ostatua» (A. Tolosa), «Life is Just a Moment» (E. Gonzalez), «Gozakaizte» (Akui), «Revolutionary Grooves» (Daddy Jeff), «Bailara Ezkutua» (R. Cabeza), «Kaleko Mobida» (E. Etxezarreta), «Sound System» (A. Usandizaga) «Burdinola» eta «Harrobia» (I. Esnaola). Horietako askok gainera, musika era jakin batekin lotura estua dute, eta saioaren kalitatea bermatzen du horrek. Uhinetatik kalerako jauzia emango du Info7 irratiak bosgarren urtemuga ospatzeko. Hip hop taldeen topaketez gain, hiru musika talde batuko dituen emanaldiarekin amaituko da Hernaniko festa. Siroka taldeak pop-rock giroak ekarriko dituen bitartean, AFU musika egitasmoak reggae, ska, musika afrikarra eta flamenkoa nahasten dituen proposamena azalduko du, zuzenean musika koktelera koloretsu eta dantzagarria eskainiz. Eta dantzan segitu nahi duenak, berriz, The Sparteens taldearen show-arekin oinak erre artean mugitzeko aukera izango du, euskal rockak eman duen kantu esanguratsuen moldaketa ye-ye eta dantzagarriekin. K. O.

AITZINDARIAK

Selektah Kolektiboa izan zen euskaraz egindako hip hop-aren aitzindaria. Bitarteko gutxirekin baina ilusio handiarekin ekin zioten bideari. Iraupen luzeko bi disko eta dozenaka emanaldi eskaini zituzten sei urteko ibilbidean.

Fitxa

Jaialdia: Info7 irratiaren bosgarren urtemugako festa.

Ekimena: Euskal Rap Taldeen Topaketak.

Herria: Hernani.

Eguna: Bihar

Taldeak: MAK, Norte Apache, Indarrap, Goienetxe Anaiak eta %100 Gourmet, AFU, Siroka, The Sparteens.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo