eskia Munduko txapelketa
Tina Maze urrezko dominara iritsi da eslalom erraldoian
27 urteko esloveniarraren aurreneko garaipena da, Olinpiar Jokoetan eta munduko azken bi txapelketetan zilarrezko lau domina eskuratu eta gero.GARA | GARMISCH-PARTENKIRCHEN
Zilarrezko domina irabazten duenak hurrengoan urrea nahi izaten du, eta sarritan pauso hori ematea da gehien kostatzen dena. Tina Maze esloveniarrak Garmisch-Partenkirchen-en superkonbinatuan bigarren egin ostean, atzo urrezko dominaraino iristea lortu zuen, kasu honetan eslalom erraldoiko proban. Hauxe da 27 urteko eskiatzaile honek munduko txapelketa baten eskuratzen duen aurreneko urrezko domina. Bere atzetik Federica Brignone italiarra eta Tessa Worley frantsesa sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Tina Mazeren kasuan, bigarren amaitzea ia ohitura bat izan da bere ibilbidean. Munduko Kopako proba bat irabazia duen arren -Kandaharren iazko urtearen amaieran- beste lau bider bigarren izan da: birritan 2010eko Neguko Olinpiar Jokoetan -eslalom erraldoian eta super erraldoian- eta beste bi aldiz munduko txapelketan -aurten eta 2009ko eslalom erraldoian-. Hala, behingoagatik, podiumaren aurreneko mailara iristeko koska gainditzea lortu zuen.
Behe-lainoa lagun hartuta
Ezin da ezkutatu hala ere, eskiatzaile esloveniarrak zortea ere alde izan zuela. Zortea, edo eguraldia, behe-lainoak kalte handia egin baitzien bere aurkariei. Lehenengo txandan aurreneko postuetan abiatu zen Maze, eta hantxe eskuratu zuen bai denbora onena, bai gerorako hain garrantzitsua izango zuen aldea ere. Bosgarren jaitsiera lasaiago hartu zuen, eta Federica Brignone bertan izan bazuen ere, 9 ehunenekoren aldeaz aurreneko postuari eutsi zion Mazek
«Behingoagatik, ehunenekoak gure alde atera dira», adierazi zuen irabazleak. «Zirraragarria da niretzat garaipen hau lortzea, are gehiago Eslovenia lako herrialde txiki batek lortu duen aurreneko urrezko domina dela jakinda», gaineratu zuen.
Bestetik, brontzezko dominaz jabetu zen Tessa Worley frantsesak egundoko ikuskizuna eskaini zuen bigarren jaitsieran. Ezer galtzeko ez zuela-eta, arriskatu egin zuen, eta 16 postu egin zituen aurrera, podiumeko hirugarren koska eskuratu zuelarik.
«Txanda ona egin nuela banekien, baina ez horrenbestarako zela», onartu zuen, harrituta, Worleyk.