GARA > Idatzia > Mundua

Nazioarteko bitartekaritzaren aldeko ahotsak, Belgikako Gobernua osatzeko

Munduko marka bat hautsi berri du Belgikak, izan ere, hauteskundeak izan zirenetik 250 egun bete dira gaur, eta ez du ematen, epe laburrean behintzat, Gobernua osatzeko gai izango direnik. Nazioarteko bitartekaritzaren aldeko lehen ahotsak ere entzuten hasi dira.

p018_f01_148X108.jpg

GARA

250 egun igaro dira jada belgikarrek hauteslekuetara jo zutenetik, baina bi hilabete baino gehiago igaro arren, ez dute lortu Gobernua osatzea. Hala, munduko errekorra haustea lortu dute, ordea, lehen Irakek zuen marka, 249 egunekoa, gaindituta.

Iragan ekainaren 13ko bozetatik, hamaika negoziazio saiakera egin dituzte, eta Alberto II.a erregeak bost bitartekari izendatu ditu, alderdiak ados jartzea helburu zutenak. Alperrik.

Estatuburuak izendatutako azken bitartekariak, Didier Reynders azken Gobernuko Finantza ministroak martxoaren 1era arteko epea du konpromiso bat erdiesteko.

Herrialdean oso gutxik uste dute Reyndersek arrakasta izango duela flandestarren eta frankofonoen jarrerak hurbiltzea lortzeko orduan.

Hauteskundeetan, N-VA alderdi flandestar independentista suertatu zen garaile, eta hainbat aldiz aipatu dute dagoeneko Belgikar Estatua hilda dagoela.

Askoren ustez, konponbidearen gakoa izango litzateke nazioartean bitartekaritza lana egingo lukeen norbait bilatzea. Hori proposatu zuen atzo Robert Mnookin Zuzenbide irakasleak, «L'Echo de Harvard» egunkariaren orrialdeetan.

Irakasle estatubatuarrak Martti Ahtisaari Finlandiako presidente ohiaren izena eman zuen hautagai egokien artean. Bakearen Nobel saridunak, Kosovon, Namibian eta Ipar Irlandan erakutsi izan du diplomaziarako eta jarrerak gerturatzeko duen gaitasuna.

«Elkarrengandik urrun bizi diren bi herrik osatzen dute Belgikako sistema politikoa, benetako loturarik gabekoak. Herrialdea banatzera irits ote litekeen? Bai, datozen hamar urteotan gerta liteke», esan zuen.

Bitartean, Belgikan gero eta hurbilago daude maiatzeko hauteskundeak, eta konponbiderik ezean, jarrerak are erradikalagoak izango dira orduan.

Krisi politikoaren aurrean, belgikarrek ironiaren eta umorearen armak erabiltzeko hautua egin dute.

Oihartzun handia lortu zuten bizarra ez egiteko deia, sexu-greba eta gisako ekimen deigarrien ondoren, «Patata Frijituen iraultzan» parte hartzera animatu zituzten herritarrak.

Hau da, egun osoan zehar, patata frijituak, herrialdean aski ezaguna den jakia dohainik banatzeko deia egin zuten. Ez zen falta izan «striptease» kolektiboa deitu zuenik.

PRENTSA

Gizartean gertatu bezala, prentsan ere izan du islarik eta askok ironiarekin hartu zuten atzo hautsitako marka: «Azkenean, munduko txapeldunak!», idatzi zuen, adibidez «De Standaard» egunkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo