GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Gorrak, itsuak eta sinesgaitzak

Espainiako eta espainiarzale diren alderdi politiko batzuetako agintariengan gorreria, itsukeria eta sinesgogortasuna nabaritzen da ezker abertzalearen alderdi berriaren, Sorturen, estatutuen aurkezpenaren aurrean. Alderdi horien artean daude PP, PSOE, UPN, PSE eta besteren bat. Batzuentzat ez da deus ere aldatzen, denak jarraitzen omen du berdin-berdin. Beste batzuek eskatzen diote legez kanpoko ezker abertzaleari aurrerapauso gehiago, PPkoek exijitzen dute behin ere ez legeztatzea, Barcina andreak, berriz, kondena dezatela ETA, beste batzuek diote betiko amarrua dela, Barne ministroak, aldiz, Auzitegi Gorenera bidali ditu estatutu berriak, beste norbaitek ekintzak eskatzen dizkie... labur bilduz, arrosario luze bat.

Baina gorago aipatu ditudan horiei guztiei, edo gehienei, behintzat, ahazten zaie frankismoa, GAL, AAA, BVE... gaitzestea, biktima guztiak onartzea, konparaziora, Mikel Zabaltza, German Rodriguez, frankismoarenak eta beste asko, bide bazterretan lurperaturik dauden gorpuzkinak jasotzea, egiaren batzordea praktikan jartzea...

Denborak aurrera egiten duen neurrian, politikari horietako askok, pixkanaka-pixkanaka onartu beharko dute ez diotela egia eta ez dutela inoiz esan, eta beste batzuek, ordea, batere konponbiderik ez dutenak, setatienak, horiek, beren gorreriak, itsukeriak eta sinesgogortasunak eramanen dituzte mundu honetatik egunen batean, hots, beren gezurretan ustelduko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo