GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Pello Astiz Auzmendi | Ihabar

Canal 6 Navarra, desinformatzailea

Urtarrilaren 26an, Canal 6 Navarraren gaueko programa batean hainbat gai eman zituzten jakitera, eta ni besterik ezean, elkarrizketa bat ikusten eta entzuten geratu nintzen. Bertan nafar Gobernuko kontseilari Catalan jauna elkarrizketatu zuten bi kazetarik. Jorratutako gaia Nafarroako irakaskuntza eta matrikulazioa izan zen, betiere unibertsitate bitarteko ikasketei dagokienez.

Pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela haren iritzia entzutea eta animatu nintzen esandakoa entzutera. Baina minutuak joan ahala konturatu nintzen gai garrantzitsu batzuk ahazten ari zirela. Kazetariek edo programako zuzendaritzak ez zuten sartu hainbat galdera gidoian.

Catalan jaunak esan zuen Nafarroan matrikulazioa eta irakaskuntza oso ongi doazela azken urteotan. Bestela ere, esan zuen nafarrek beteak dituztela matrikula egiteko dituzten beharrak. Baita ingelesa ere sartzen ari direla irakaskuntzan inolako arazorik gabe, gaztelania eta ingelesaren elebitasuna lortzeko.

Bueno, hori entzunda, eta inozoki pentsatuta, edozeinek uste ona izan dezake gai honi buruz (matrikulazioari buruz), baina esaerak dioen moduan: usteak erdi ustel. Baina tira, nire barrutik pentsatuz esaten nuen, bueno ea Nafarroako matrikulazioaren inguruko beste gai garrantzitsu bat ateratzen duten behingoz: euskara. Baina kia! Minutuak aurrera zihoazen eta euskararen inguruko galderarik ez, aipamenik ere ez. Ni pazientzia galtzen hasita nengoen, eta honela joan zen (des)informazio programa hori, euskararen egoera azaldu gabe.

Honek guztiak nire barruan sekulako ezintasuna eta haserrea sortu zituen. Gauzak horrela, ondorio ezberdinetara irits naiteke; edo Canal 6 Navarrak ez zuen euskararen gaia atera nahi, edo norbaitek aginduta ez zuten gidoiaren barruan sartu. Edo beste arrazoiren bat(zu)engatik euskara ez dute inon azaltzea nahi.

Nafar gehienok dakigu euskaraz edo D ereduan matrikulatzea zaila edo ezinezkoa dela herri eta eskualde askotan. Bestela, eta iritzi ezberdinak jazotzeko, Canal 6 Navarrari proposatuko nioke beste programa batean elkarrizketatzea beren seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi eta ezin izan dituzten gurasoei, bai Nafarroako eremu euskaldun, misto edota eremu ez-euskaldunean. Eta zergatik ez dituzte elkarrizketatzen euskaraz ikasi nahi eta ezin izan duten ikasleei, haien etorkizunerako gai hau hain garrantzitsua izanik?

Bitartean, zuek jakingo duzue, bai Canal 6 Navarra, bai Nafar Gobernua; baina gu nafarrok ez gara konforme zuek emandako informazioarekin, programa hau gure diruarekin egiten duzue eta egia ezkutatzen ari zarete. Egiarekin horrela jokatzen duenari manipulatzailea deituko nioke nik, besteek auskalo nola deituko dioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo