GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Berlinaleren amaieran, gatazka politikoak dira protagonista

Egun gutxi falta zaizkio Berlinale zinema jaialdiari bere ateak datorren urtera arte ixteko. Atzo «Wer wenn nicht wir» alemaniarra eta «Odem» israeldarra aurkeztu ziren. Igandera bitartean jaialdiak aurrera egingo du, Urrezko Hartza jasotzeko lehian.

p041_f01_148x100.jpg

M. LARRINAGA | BERLIN

Berlinale zinema jaialdia azken egunetan dago jadanik. Bertan, «Wer wenn nicht wir» alemaniarra eta «Odem» israeldarra aurkeztu ziren atzo. Lehenengoak RAF (Rote Armee Fraktion) talde armatuaren sustraiak aztertzen ditu, eta bigarrenak, bi emakume palestinarren begiradapean, Ekialde Hurbileko gatazka azaltzen du.

«Wer wenn nicht wir» Andres Veielek zuzendutakoa da eta Gudrun Ensslinek borroka armatura egindako bidean oinarritzen da. Ensslin Andreas Baaderren neskalaguna bihurtu zen, Ulrike Meinhofekin batera taldearen sortzaile izan zena.

«Ez da Alemaniaren historia barruko pasarte ilun bati buruzko filma, edota nazien ondorengo belaunaldi baten altxamenduari buruzkoa. Gizartean bide okerretik zerbait aldatzen saiatu ziren pertsonei buruzko hausnarketa bat da», baieztatu zuen Veielek.

Kontaketa honen parte-hartzearekin azken urteotan lege bihurtu den ohitura bete da jaialdian. Izan ere, ohikoa bihurtu da RAF taldeari buruzko filmaren baten parte-hartzea, eta aldi berean, naziei buruzkoren beste bat ere ikusi izan ohi da. Aurten «Mein bester Feind» komedia bakarrik aurkeztu da ildo honi jarraitutako istorioarekin, lehiaketatik kanpo gainera.

«Odem» filma Jonathan Sagallek zuzendua da eta Ekialde Hurbileko gatazkan bi emakume palestinarrek bizitako pasarte batean oinarritzen da egoera azaltzeko.

Berlinaleko zuzendari Dieter Kosslickek, Sagallen filma aurkeztean, «kontuan hartzeko» lana dela esan zuen, baita bi protagonistek -Clara Khoury eta Nataly Attiya- Zilarrezko Hartza lortzeko aukera dutela ere.

Beste alde batetik, «El discurso del rey» filmak, Oscar sarietarako hamabi izendapen jaso dituen film luzeak, arrakasta handia izan zuen lehiaketatik kanpo herenegun izandako proiekzioan. Hau izango da Oscar sarien aurretik egingo duen azken agerraldia.

Ikusleriak txalo ugari eskaini zizkien Berlinera mugitutako filmaketako taldekideei: Tom Hooper zuzendaria, Helena Bonham Carter aktorea eta Clin Firth aktore britainiarra. Hiru hauek Oscar sarietarako hautagaiak dira, bakoitza bere kategorian.

Hala, Berlinaleren azken egunetan gaude jadanik. Azken aurkezpen horien artean gaur egingo den Joshua Marstonen «The forgiveness of blood» ikusiko da. Jaialdian parte hartu zuen azkeneko aldian «Maria, llena eres de Gracia» filmarekin egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo