Scorsese eta DiCaprio elkarrekin, «The Wolf of Wall Street» filmean
GARA | DONOSTIA
Martin Scorsese zuzendariak eta Leonardo DiCaprio aktoreak elkarrekin egingo dute lan berriz ere «The Wolf of Wall Street» filmean. Jordan Belfort «broker» izandakoaren oroitzapenen zinemarako moldaketa izango da.
Hasiera batean, Warner Brothers ekoizpen etxeak kaleratu behar zuen filma, Ridley Scotten zuzendaritzapean. Azkenean Appian Way DiCaprioren ekoizpen etxeak aterako du Alexandra Milchan eta Scorseseren laguntzaz.
Burtsatik kartzelara
«The Wolf of Wall Street» filmak Belforten bizitza azaltzen du. Burtsako langile izan zen, eta 1990eko hamarkadan bi urte kartzela federal batean igaro zituen zigortuta, burtsako baloreekin egindako azpijokoengatik.
Scorsese bera, bestalde, abenduan estreinatzeko asmoa duen proiektua amaitzen ari da gaur egun, «Hugo Cabret», Shusaku Endoren «Silence» nobelaren egokitzapena. Eta DiCaprio «J. Edgar» proiektuan ari da lanean, Clint Eastwood aktore eta zuzendariaren azken filmean, alegia.
DiCaprio eta Scorsese «Gangs of New York»en (2002), «The Aviator»en (2004), «The Departed»en (2006), eta «Shutter Island» (2010) filmetan aritu dira elkarrekin.