Estatuaren biktimak agerikoak izatea, lehentasuna
Estatuaren biktimak. Poliziaren biktimak. Estatu terrorismoaren biktimak. «Beste» biktimak dira. «Beste» indarkeriaren biktimak. «Kausa politikoek eragindako biktimak» esaten diete Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoek. Nolanahi ere, haien sufrimendua ez da biktima ofizialena baino txikiagoa. Eta, hala ere, oraintsu artean instituzioek haien izatea ere ez zuten onartzen. Atzo Gasteizko Legebiltzarreko indar guztiek -PP eta UPDk izan ezik- erregistratu zuten legez besteko proposamenak biktima horien aitortza eta erreparazioa eskatzen ditu. Zalantzarik gabe, bide luzea dago oraindik biktima guztien aitortza eta erreparazio hori gauzatu arte. Hala ere, Gasteizko Legebiltzarraren ekimena pauso bat izan liteke. Izan ere, orain artean izana bera ere aitortzen ez zieten biktimak agerikoak izatea lehen eginkizuna da. Lanean hasteko, Lakuak Ibarretxeren Gobernuko Giza Eskubideen Zuzendaritzak egin zuen txostena erabili beharko du, 109 hildako zenbatzen dituena. Hala ere, bada lan osoagorik, hala nola Euskal Memoriarena, laurehunetik gora hildako zerrendatzen dituena. Legebiltzarraren ekimenak oinarri duen txostenak hutsuneak ditu, zalantzarik gabe, baina benetan justizia egiteko eta bidegabekeria ahal den neurrian desegiteko borondatea baldin badago, atzokoa abiapuntua izan liteke.