ANARTZ BILBAO | Musikazalea
Tahrir plazan dantzari
Iraultzek ez dute porrot egiten; haien emaitzak geroratu egiten dira, besterik ez». Horrela irakurri genion El Rotori marrazki batean, orain gutxi. Eta Kairoko Tahrir plazaz akordatu ginen.
Kairok «garailea» esan nahi omen du egiptoeraz, eta Tahrir hitzak «askapena». Baina... askatasunaren plaza non da? Al Bouazizik bere buruari su eman eta matxinada piztu zuenetik Mediterraneoaren ertzeko Afrikan sutea dabil. Tunisian eta Egipton atzo, Bahrainen gaur, eta auskalo non bihar.
Herriotan ibilia da Fermin Muguruza irundarra ere, Al Jazeera telebista katerako dokumental sorta jasotzen arabiar herrialdeetako musika azaleratzeko, tartean Egipto eta Tunisiakoa. Hamaika atalak bukatuta ditu, eta arabiarrez emateko prest. Gero, maiatzetik aurrera, ingeleseko azpitituluz ikusi ahal izango ditugu.
Ezer gutxi dakigu guk arabiar musika eta musikariez, batzuk oso ezagunak badira ere. Egipton, Ali Hassan Kubanetik hasita Natasha Atlaseraino -bera ez da Egipton jaioa, baina aita nubiar jatorrikoa omen du-, eta Tunisian, (gure belarrietara) horren sonatuak ez diren Ghalia Benali, Dhafer Youssef, Anouar Brahem, DuOud, Smadj... Musikariak aipatzen hasita, eta gure merkatuetara heltzeko aukera duten arabiar gehienak egun Europan edo AEBetan bizi direlakoan gaudela, onartu beharra dago, gure ezjakintasunean, ez dakigula artista hauek ere plazara ateratzeko irrikatzen ziren, beraien herrikideen bultzadarekin bat egiten duten arimaz, edo bakoitza bere etxeko berotasunean dela, bost axola zaien herritarren egoera. Ez dakigu ezta Mubarak edo Ben Ali-ren hurbilekoak ziren ere. Kontua da harrigarria begitandu zaigula inguruko komunikabide nagusiek afera honetan izan duten jokabidea. Urruneko matxinadetan herritarrak plazara ateratzea baino ez dute behar izan (lehen) gure oportokietako lehendakari ziren Ben Ali eta Mubarak zintzoak, (orain) titularretan diktadore legez agertzeko.
Tahrir plaza berotu ahala, Mendebalde esaten diotenaren lagun eta arabiar «moderatua» zen Mubarak -akaso Egipto arma erosleetan munduko hirugarren herrialdea zelako (badira militarizatuagoak, baina arma saltzaileak dira)-, zapaltzaile gisa aurkeztu digute irrati, telebista eta egunkariek. Eta lehen faraoitzarraren lagun ziren Europa eta AEBetako agintari momiak (ikus www.totallycoolpix.com atarian «Hosni Mubarak & friends (1981-2011)») txaloka izan ditugu, «bizimodu hobea eta askatasuna» aldarri duen arabiar herriarekin bat eginda.
«The Revolution Will Not Be Televised» aspaldi kantatu zuen Gil Scott-Heronek, eta arabiarren askatasun gosea telebistaz jarraitu dugunok geurea oihukatu beharko genuke, bakoitzak bere modura hemen eta orain -ahal dela, irudimenez-, arrazoi faltarik ez da-eta. Tunisia parean esaterako, Mediterraneoa gurutzatuta, Berlusconi buztanzorrotza zikiratzeko prest agertu dira milaka donna. Eta Bilbon, milaka batzuk aterako dira plazara bihar, dantzara. «If I can´t Dance, It´s not my Revolution».