Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak hasiko dute «Hernanin Musik» programazio kulturala
GARA | DONOSTIA
Hernanin kultura eta aisialdia sustatzeko sortutako programazio «berri, egonkor eta anitza» da «Hernanin Musik» ekimena. Gainera, programazio kulturalarekin batera, hiru hiletik hiru hilera Hernaniko musikarien eta musikaren inguruko taldeek antolatzen dituzten ekitaldiak argitalpen batean bilduko dituzte, kaleratu eta herritarrei bertako albisteen berri eman ahal izateko.
Hiruhileko honen hasiera hilaren 25ean izango da, Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak eskainiko duten ikuskizunarekin. Bertan, Muguruzaren abestiak Atxagaren kontakizunekin nahastuko dira, eta bien artean egindako soinuak entzun ahal izango dira Hernaniko Biteri kultur etxean arratsaldeko zortzietatik aurrera. Hurrengo saioa martxoaren 11n izango da, eta txistu hotsak entzungo dira Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalak sortu duten ikuskizun honetan.
Programazio honen barruan VIII. Akordeoi Topaketak antolatu ditu Hernaniko Musika Eskolak. Ekitaldi hau azken urte hauetan Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan egin izan dute, eta bertan musika eskola askotako ikasleek parte hartzen dute.
Halaber, herriko musika banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta horretarako, agenda luze bat antolatu du. Egingo dituzten agerraldien artean, «Tolarea» Gipuzkoako sagar naturalaren Kofradiarekin kalejira bat antolatu dute martxoaren 20rako, eta apirilaren 17an, kontzertua eskainiko du.
Aurkeztu duten programazioa ekainaren 24ra artekoa da eta mota guztietako ekimenak bildu dira. Gainera, hilero, bigarren larunbatetan herriko kaleetan kantuan aritzeko aukera eskainiko da.