GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Chillidaren lanak interes handia sortu du nazioarteko bildumazaleen artean

Eduardo Chillidaren lan batek enkantean lortutako bigarren salneurririk garestienean saldu zuten asteazkenean Londreseko Christie's etxean «Lo Profundo es el Aire XX», harzuriz egindako lana, bilduma pribatu batetik ekarria. Izan ere, 1.441.250 liberako salneurrira iritsi zen (1.716.529 euro), estimazio altuenaren (600.000-800.000 libera) ia bikoitza lortuz, Christie's etxeak antolatu zuen arte garaikideko eta gerraosteko lanen enkanteko bigarren saioan.

p049_f01_148x120.jpg

Maider LACALLE | LONDRES

Sekulako salmentak egin zituen Christie´s etxeak asteazkeneko enkantean. «Elogio del Vacío V» altzairuzko lana, eta aurrekoak bezala, Chillidaren monograma zeramalarik, 881.250 liberan (1.049.569 euro) saldu zuten, honakoan ere estimazio altuenaren ia bikoitza eskuratuz. Azkenik, «Mural G-46», buztin errez eta kobre oxidoz egina, 505.250 liberako salneurrira iritsi zen (601.753 euro), aurreikuspena 300.000-400.000 libera ingurukoa bazen ere.

«Chillida oso ezaguna da nazioartean eta haren obraren potentzia ukaezina da. Enkantean eskaini genituen lanak oso onak ziren, eta Chillidaren «Lo Profundo es el Aire XX» lanaren salmenta, Andy Warhol eta Martial Raysse-en lanen salmentarekin batera, enkanteko une gorenetakoa izan zen», adierazi du Maria Garcia Yelok, Christie's etxeak Madrilen duen ordezkaritzako Arte Moderno eta Garaikidearen saileko zuzendariak.

Enkante horretan Miquel Barcelo artista mallorkarrak ere bere lehengo marka guztiak gainditu zituen. «Tres Equis» obrak 1.516.441 euroko salneurria izan zuen, bere lan batek enkantean inoiz izan duen gorena.

«Oso apustu gogorra egiten ari gara artista espainiarren obrak nazioarteko merkatura bultzatzen. Artista hauen maila nazioarteko beren kideen parekoa da, baina ez dute izan merezitako lekua», azaldu du Garcia Yelok. Enkantean Juan Muñozen «Albuquerque Balcony» lana ere saldu zuten.

Martial Raysse-en «L'année dernière à Capri (titre exotique)» lanak, bestalde, bizirik den artista frantziar baten lanak enkantean inoiz lortu duen salneurririk garestiena izan zuen, 4.851.241 euro, estimazio onenaren bikoitza eta gehiago. Horrez gain, Andy Warhol-en «Self-Portrait» ere saldu zuten, eta markarik hautsi ez bazuen ere, bera izan zen asteazkeneko enkanteko lanik garestiena, 12.854.761 euroan saldu baitzuten.

Nabarmentzekoa, era berean, Adriana Varejão artista garaikide brasildarraren «Parede com Incisões a la Fontana II» obraren salmenta, 1.316,353 euroan saldu zena, dudarik gabe, artista hegoamerikarrek arte merkatuan duten presentzia indartzen ari den seinale.

Ikusmin handia

Enkantea arratsaldeko zazpietan hasi, eta bederatzi eta erdiak aldera amaitu zen, Londreseko Green Park geltokitik gertu dagoen King Street kalean. Hasi aurretik, taxiak eta auto garestiak hasi ziren ailegatzen, eta minutu gutxian traje ederrez eta ile txukunez bete zen gela. Aurkezleak barrea ere eragin zien eta Warhol-en lana saldu zenean txaloka hasi zen jendea, hainbeste zifrako salneurria pantaila handian idatzita ikusteko aukera izan zutelako akaso.

Christie´s etxeak bi saio antolatu zituen arte garaikideko eta gerraosteko lanen enkantea egiteko. Asteazkenekoa bigarrena izan zen, eta Chillidaren lanekin hasi zuten salmenta. Garcia Yeloren hitzetan, horrek erakusten du «zein garrantzitsua den artistaren obra». Izan ere, enkantearen hasierak positiboa izan behar du, erosleek eskaintzak egiteko gogo handiago izaten dutelako horrela. Chillidaren obrak asteazkeneko saioaren hasieran jartzea mugimendu estrategikoa izan zen eta artistaren lanaren balioa nabarmentzen du. Garcia Yelok azaldu duenez, gainera, «Chillidaren lanak Barcelorenak baino gutxiago agertzen dira merkatuan; asko kostatzen da Chillidaren lana askatzea».

Christie's etxeak enkante ugari egingo ditu aurten, eta nahiz eta noren obrak salduko dituzten oraingoz ez duten esan, Chillidaren lana gogo onez hartuko luketela berriro azaldu zuen Garcia Yelok, batez ere, bildumazaleek atzo emandako erantzuna ikusita: «argi dago Chillidaren obra ez dela egun bateko gauza, luzaroko talka duen lana baizik».

Chillidaren lanak oraindik ere nazioartean duen balioa erakusteaz gain (21 herrialde aritu ziren eskaintzak egiten asteazkenean eta eskaintzen egileen %51 Europan zeuden, %40 Amerikan eta %9 Asian), arte mundua 2008tik hona ikaragarri hobetu den seinale dira bi enkante saio hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo