GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJko bi zinegotziren dimisioa eskatuko du Udal gobernuak Legorretan

EAJko Xabier Iraola eta Juan Antonio Garin zinegotzien dimisioa eskatuko du gaur Legorretako ezker abertzaleak; prebarikazioa eta influentzia-trafikoa delituengatik inputatuta daude biak.

p019_eh49659.jpg

Janire ARRONDO | LEGORRETA

Legorretako ezker abertzaleak 2007an Alkatetza eskuratu zuenetik, udal gobernuak hartutako erabaki eta egindako urrats bakoitza zalantzan jarri du EAJk: Iñaki Oiarbide alkatearen ustezko soldata igoerarekin edo aholkulari bati ordainketa ilegalak egitea leporatzearekin hasi, eta Elizondoko lursailen jabeekin egindako tratuaren gaineko ika-mikaraino. Oraingoz, baina, EAJk auzitara jo duen bi aldietan atzera bota diote akusazioa, baina auzietako bat oraindik errekurritzeke dutela diote jeltzaleek.

Akusazioetatik defendatzen aritu behar izateaz nazkatuta eta oraingoz epaileek arrazoia eman diotela ikusita, EAJko Xabier Iraola ¯alkate ohia¯ eta Juan Antonio Garin zinegotziak auzitara eramatea erabaki zuen Legorretako Udalak; hala, bi horiek aurreko legegintzaldian egindako hainbat jarduera direla-eta, prebarikazio, desjabetze ilegal eta influentzia-trafikoagatik inputatuta daude.

Gauzak horrela, gaur iluntzean egingo duten udalbatzan, Iraola eta Garini dimisioa eman dezatela eskatuko die ezker abertzaleak. Era berean, Xabier Iraola ENBAko koordinatzaile eta lehendakariaren Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeko postutik kentzeko eskatuko dute. «Udaletxeko aseguru polizak urtez urte zinegotzi eta PNVko bere kideari esleitu zizkion, pleno ilegalak egin zituen, nabarmenki ilegalak eta herritarren interesen aurkakoak ziren hirigintzako hitzarmenak onartu zituen», dio mozioak.

Dimisioa emango ote duten argitu ez bazuen ere, Iraolak «haserre» dagoela agertu zion GARAri. «Plano publikotik pertsonalera pasa dira, nire ogibidearekin sartzeraino eta hori ez da onargarria», zioen.

epaitegietan

Aholkulari bati egindako ustezko ordainketen auzia eta Elizondoko lursailarena irabazi ondoren, Legorretako Udalak aurreko legealdian EAJren jardunean atzemandako «irregulartasunak» auzitara eraman ditu.