GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Asobal Ligako 19. jardunaldia

Europako kanporaketa ahaztu beharra dauka San Antoniok Saguntoren kantxan

A.A.

Europako lehiaketa ahal den heinean ahaztu, eta Asobal Ligan beste urrats bat emateko aukera ona du gaur arratsean Amaya Sport San Antoniok Puerto Sagunto apalaren kantxan (20.15). Nafarrek Izvidac talde bosniarraren aurkako kanporaketa bideratuta utzi zuten larunbatean (36-29), eta lasaitasun horrekin ekingo diote sailkapenean 13. postuan dagoen talde valentziarraren aurkako partidari.

Juanto Apezetxea entrenatzaileak, ordea, kontuz ibiltzeko deia egin die bere jokalariei: «Badakigu Sagunto dela etxean jokatzen duenean gehien eraldatzen den taldea. Zaleek giro oso beroa sortzen dute han eta horren erakusgarri da orain hamar egun CAI Aragonen aurka lortu zuten berdinketa». Hala ere, gogoratu beharra dago azken jardunaldian zuloan sartuta dabilen Guadalajararen kantxan 33-24 galdu zuela Saguntok.

San Antoniori dagokionez, gaurko demarako zalantza nagusia Victor Alvarez zentralaren parte-hartzea izango da, azken egunotan ez duelako entrenatzerik izan larunbatean jasotako kolpe baten erruz. Hutsune ziurra Santi Urdialesena izango da, aspalditik dagoena min hartuta.

Arratek, Ademarri bisita

Askoz lan zailagoak izango ditu Arratek Ademar indartsuari egingo dion bisitan (20.30). Leongoek partida bakarra galdu dute etxean eta beste bat berdindu; eibartarrek, aldiz, garaipen bakarra eta beste berdinketa bat lortu dute orain arte etxetik kanpo. Arraten Redei eta Ademarren Ruesga eta Garcia min hartuta daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo