GARA > Idatzia > Kultura

Azken hiru urteetako lanak bildu ditu Pilar Soberonek «Oro-Grafik» liburuan

p048_f02_088x124.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Pilar Soberon (Lasarte, 1971) diziplina anitzetan diharduen artista da. Argazkilaritza, performancea, marrazkigintza, eskulturgintza, margogintza, grabatua, bideoa, soinua, haizea, airea, lurrinak, hazi ezberdinak eta gorputzaren zatiak dira, besteak beste, bere espresio bide nagusiak.

Naturan barna egiten dituen ibilaldietatik, biologo-geologo batek egingo lukeen antzera, arreta pizten dion edozer bildu, artxibatu, eta sormenerako elikagai gisa erabiltzen du sortzaile lasartearrak.

Azken hiru urteetan gauzatu dituen lanik esanguratsuenak «Oro-Grafik» liburuan bildu ditu orain, Lakuako Gobernuaren eta Arteko eta Vanguardia arte erakustokien laguntzari esker.

Artekon bertan aurkeztu zuen atzo bere sorkuntzak ezagutzera ematen dituen argitalpena, Maria Jose Aranzasti komisarioarekin batera. Azken horren arabera, «bildumazale aparta» da Soberon. «Pilar eguneko bilatzailea da eta gorputz eta arimaz saiatzen da horretan». Esaterako, «Durmientes» izeneko instalazioa egin ahal izateko -paretan eskegita, saguzar itxura hartzen duten hostoak dira-, uda oso bat igaro zuen magnolia petaloak jasotzen.

EHUn Arte Ederretan lizentziatua, espazioa eta haren mugen miaketa ezinbesteko ariketa dira artista honentzat. Izan ere, bere piezak eta inguruan biltzen dituen espazioa harremanetan jartzen ditu, askotan ikuslea bera sorkuntzaren partaide izatera behartuz.

Etengabeko garapena

Etengabe aldatzen doan obra da berea, etengabeko bilakaera ziklikoan dabilena. «Ez dut lan itxietan sinesten. Etengabeko aldaketa prozesuan bizi gara, eta ezer ez da inoiz lehen bezalakoa. Nire sorkuntzekin sentipen berbera daukat, garapen ziklo batean bizi dira haiek ere», nabarmendu zuen.

Bere sorkuntza prozesuaren beste oinarrietako bat artxibategia da. Piezak, objektuak, performanceak... etengabean dihardu jarduerak sortzen. Espazio eta denbora ezberdinek bere lanak eraldatu egiten dituztela iritzi dio, eta artxibategi horretatik sorrarazten ditu ideia berriak behin eta berriro.

Bere lan prozesuaz, «metodikoa eta diziplinatua» dela esan zuen. «Manila paperezko» orrien gainean marrazten omen ditu proiektuen lehenengo ideiak, eta hausnarketarako espazio gisa baliatzen ditu. Liburuan, azken urteetako lanik esanguratsuenak biltzen dira, «Orografik», «Acorazadas» edo «Aeolia», kasurako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo