GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Iraupen probak erabakiko du auzia

Arrospide eta Mugertza II.a Atutxaren eta Azurmendiren aurka neurtuko dira bihar eguerdian, Azpeitian jokatuko den finalean.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkorako finala bihar jokatuko da 12.00etatik aurrera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Bertan Arrospide eta Mugertza II.a Atutxa II.aren eta Azurmendiren aurka lehiatuko dira.

Finalistak jokatzeko gogoz eta ilusioarekin daude. Batzuentzat lehen finala izango da, beste batzuek badakite txapela janztea ere zer den. Berrien artean Ugaitz Mugertza mutrikuarra agertzen da. Iaz gazteen finala jokatu zuen bere anaiarekin, eta aurten onenen lehian sartu da.

«Ongi nago. Gustura nabil Anjelen alboan, eta biok heltzen gara ongi. Sekulako ilusioarekin nago, eta uste dut plazak jaten ez bagaitu, lan ona egingo dugula», dio. Beterano handi baten alboan joatea ere lagungarria izan dela dio mutrikuar gazteak: «Anjel aizkolari handia izan da, eta oraindik oso ongi dabil. Bere alboan aritzeak gauza askotarako balio du. Oso gustura nabil», esan du.

Finalari begira, garbi dauka azkeneko lanean erabakiko dela: «Nik oso garbi daukat. Aurretik tarte txikiak izango dira. Iraupen proba, gainera, gogortu egin dute, eta hor erabakiko da», esan du. Berak garbi dauka nola jokatu: «Beti aurretik joatea ona da, baina garbi dago tarte handirik ez dela egongo, eta bukaerarako apur bat gorde beharko da; bestela, jai». Lehen fasean ere neurtu ziren Azurmendiren eta Atutxaren aurka, eta irabazi egin zuten. «Jendeak hura hartuko du erreferentzi gisa, baina finala ezberdina da, eta lanak ere bai», esan du.

Biharko finalean ez da bera izango mugertzatar bakarra, Zilarrezkoan anaia arituko baita. «Egia esan, aurretik garbi daukat nik nireari begiratu behar diodala, baina ez da erraza izango. Aizkora berdinak erabiltzen ditugu, eta nahi gabe ere, batek besteak zer egiten duen ere ikusi nahiko dugu», esan du Ugaitzek.

Gogotsu

Aitzol Atutxa ere gogotsu dago. 23 urte izan arren, bi aldiz irabazi du lehiaketa hau Donato Larretxearen alboan, eta hirugarrena irabazteko prest dago: «Oso ongi gaude bai Azurmendi, bai ni. Lehiaketa oso ona ari gara egiten. Biharko aurkarien aurka lehen fasean aritu ginenean ez ginen ongi aritu, batez ere ni, eta galdu egin genuen. Gero final-laurdenetan konfiantza berreskuratu genuen, eta finalerdietan txapeldunak menderatzeak indar handia eman digu», dio bizkaitar gazteak. Lehen faseko neurketarekin finalak zerikusirik ez duela izango uste du Aitzolek: «Lehen saio hartan ez nintzen batere ongi aritu, ez nuen egunik onena izan, baina orain indarrez gainezka gatoz». Azurmendirekin ere oso gustura ari dela onartu zuen: «Lagun handiak egin gara. Azkenaldian entrenamendu asko egin ditugu, eta oso gustura ari naiz berarekin», dio.

Aitzolek ere garbi dauka finala azkeneko lanean erabakiko dela: «Aurretik erabakitzea oso zaila izango da. Ederra izango litzateke aurretik tarte handia lortuta helduko bagina amaierako lanera, baina ez da horrela izango, eta han erabakiko da dena», berretsi du.

Aizkolariek sei lan egin beharko dituzte bihar eguerdian jokatuko den finalean. Orain arte egindakoarekin alderatuta, bitan bakarrik aldatuko da egin beharreko lana. Bata, zutik jarrita moztu beharreko enborrean. Orain arte kana-erdikoa erdibitzen zuten, baina finalean 60 ontzakoa izango dute aurrez aurre jarrita.

Bestea, berriz, iraupen proban izango da. Han, orain arte, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu behar izaten zituzten, baina oraingoan bikote bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko ditu.

Nafarrik gabe

Binakako Urrezko Aizkora abian jarri zela hamaika urte izango dira, eta aurtengoa izango da nafarrik gabe jokatuko den lehen finala. Herrialde horrek eraman ditu orain arte txapelik gehien.

Bi Txapeldun

Bihar jokatuko den finalean arituko diren lau aizkolarietatik bik, badakite txapela janztea zer den. Arrospidek 2002an lortu zuen, eta Atutxak, berriz, 2008 eta 2009. urteetan.

Derrigorrezko aldaketak izango dira jokatuko diren beste bi finaletan

Bihar eguerdian Zilarrezko Mailako eta Gazteen Mailako finalak ere jokatuko dira Azpeitian, eta bietan izango dira azken orduko aldaketak.

Zilarrezkoan, Kañamares I.ak ez du aritzerik izango, gerriko minak jota dagoelako, eta haren ordez Rodriguez II.a arituko da Kañamares III.a biko duela, Dorronsororen eta Mugertza III.aren aurka.

Gazteen Mailakoan, Kortxero sartuko da Eneko Saralegiren ordez. Honi ebakuntza egin behar izan diote eta denbora batez egon beharko du geldirik. Kortxero eta Vicente II.a Otañoren eta Zabaletaren aurka arituko dira, nor baino nor. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo