Funverako zuzendaritza LABeko kideak diskriminatzen ari dela salatu du sindikatuak
Langileen borroka luzearen ostean, 2009. urtean 49 langile kaleratu zituen Funvera enpresak. Hurrengo lau urteetan, kontratazioak kaleratuen artean egingo zituela esan zuen enpresak, eta LABek sindikatu honetakoak diren kaleratuak baztertzen ari direla salatu du.
A.Z.
Berako Funvera lantokiko zuzendaritzaren jarrera salatu du LABek, sindikatu honen aurkako «diskriminazio garbia» egiten ari dela baieztatuta.
Egoera ulertzeko, 2009. urtera egin behar da atzera. Orduan, enpresak 49 pertsona kaleratu zituen langileen borroka luze baten ostean. Nafarroako Lan Ordezkaritzak enpresak aurkeztu zuen enplegua erregulatzeko txostena onartu ostean ere langileek borrokan jarraitu zutela nabarmendu du LABek prentsa ohar batean. Momentu batean, enpresak hurrengo lau urteetan kontratazioak kaleratutakoen artean egitea proposatu zuen. ELA sindikatuak proposamena onartu zuen; LABek, berriz, ez, baina langileen artean egindako bozketan gehiengoak borrokari amaiera eman eta lanera itzultzearen alde egin zuen.
Gertaera horietatik urtebete pasa denean, kaleratuak izan ziren LABeko kideei lantegiak betoa jarri diela salatu du LABek, eta soilik ELAko afiliatu edo jarraitzaileak kontratatzen ari direla. Zentzu horretan, lan hitzarmenaren negoziaketan LABek, ELArekin adostutako plataforman ageri zen moduan, kaleratuen arteko kontratazioa antzinatasunaren arabera egiteko eskatu zuen, bazterketarik egon ez zedin. ELA sindikatuak, ordea, hitzarmenean puntu hori agertu gabe sinatu egin zuen, LABek azaldutakoaren arabera.
Hala, eta «sartu diren langileen kontra» ezer ez dutela adierazi ostean, zuzendaritza LABen aurka diskriminazio sindikal garbia egiten ari dela salatu du sindikatuak, hamahiru langile kontratatu dituzte eta bakar bat ere ez baita LABekoa. Sindikatuak salatu duenez, langileak kontratatzerako orduan lan irizpideak erabiltzen ari dela adierazi du enpresak, baina LABen arabera «gezurretan ari dira».
Borroka, denon ardura
Egoera honi aurre egitea «sindikalgintza duin, garbi eta garden batean sinisten dugunon ardura» dela aldarrikatu du LABek, baita «kontratazio irizpide justuak ezartzearen alde» borrokatzea ere. Zuzendaritzari bilera eskaera egin diote eta jasotzen duten erantzunaren arabera jokatuko dutela adierazi du sindikatuak. Hala ere, garbi dute hau ezin dela «LABen borroka bat» izan, eta «egoeraren aitzinean isilik gelditzen dena inplizituki egoera babesten ari da», gaineratu dute.