GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

«Ator gurekin... gaitezen liberti»

Ez du ematen, inondik inora, hain zaharra denik. Ez dakit zenbat urte dituen, baina askoz gazteago ematen du. «Terrorismoari» esker hain ondo pasatu omen duen horretaz ari naiz. Niri, egia esan, esan zituenak ez zitzaizkidan horren eskandalagarri iruditu, eta jantzi urratu gehiegi sumatu nituen. Savaterren adierazpen horiek dibertigarriak iruditu zitzaizkidan gehienbat. Eta benazkoak, azken urteetan jokatu duen papera aitortu zuelako; mehatxatu profesionalaren papera, hain zuzen. Oso ondo bete du paper hori: sari asko jaso eta banatu ditu eta, batik bat, asko dibertitu da. Ondo dago hori, zer arraio! Eta nabari zaio, nabari zaionez, urteok bizipoza eman diotela. Ez dakit zenbat urte dituen, baina sekula ez nukeen pentsatuko dituen guztiak dituela. Bejondeiola.

Savaterrek Sortu alderdi berriaren gainean esan zuena bat dator biktima elkarteek (ez nahastu «beste» indarkeriaren biktimekin) diotenarekin. Eta horiek diotenak euskal herritar gehienek eskatzen dutena baino balio handiagoa du. Tira, ez dakit balio handiagoa duen, baina erabakigarriagoa dirudi, eta ez da komeni elkarte horiek, merkatuak bezala, urduritzea, osterantzean agintariak haien miran agertuko dira eta; horrenbestez, hobe dute gobernuek eta epaileek lasaigarriak ematea: gaur polizia-sarekada bat, bihar biziarteko pare bat kartzela zigor, etzi omenaldi bat... Eskubideak, gutxieneko betebehar demokratikoak eta horrelakoak txikikeriak dira, munduan beste inork ez bezala sufritzen duten horien nahiaren aldean.

Eta bukatzear dugun aste hau benetan dibertigarria izan da, errege espainiarra ere, Savaterren antzera, gogotik dibertitu baitzen lehengoan, 1981ko otsailaren 23ko estatu-kolpearen 30. urteurrenean, iragana gogoratuz, Espainiaren gainean eta etorkizunaren gainean solas eginez... Bere menpekoen etorkizun oparoaz solas eginez, jakina, merkatu sentiberen lasaitasunak horiei eskaintzen dien etorkizunaz, hain zuzen. Izan ere, merkatuen lasaitasuna, biktimen elkarteena bezala, garrantzitsuagoa baita langileen eta herritar guztien eskubide eta askatasunak baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo