Carlos Ormazabalen dimisioa eskatu dute, Lapatxeko «iruzurragatik»
GARA
Gipuzkoako Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) lehendakari Carlos Ormazabalek Gipuzkoarako aurreikusitako bi konpostatze plantak ez direla eraikiko esan ondoren, Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo alkateek egun herrialdean den Lapatxeko (Azpeitia) planta bakarrarekin nahiko ez dela azaldu eta diputatuaren dimisioa eskatu dute.
Oiartzungo alkate Aitor Etxeberriak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, 2010ean 4.000 tona organiko bildu baziren Gipuzkoan, Lapatxeko konpost-plantaren gaitasuna 2.500 tonakoa da urteko. «Planta honek ezin dio aurre egin eskariari, diferentzia nabarmena da. Ondorioa da organikoa zabortegira bidaltzen ari direla, bildutakoaren %40», zioen Etxeberriak.
Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak hiru herriotatik Lapatxera bidalitako organikoekin egin beharreko konposta non den galdetu zuen, eta Hernaniko Marian Betialarrangoitiak, bestalde, Ormazabali atez ateko bilketa «iraindu» eta «desprestijiatu» izana egotzi zion, «errauste planta toxikoa justifikatzearren».
Transferentzia guneak
Elgoibarren hondakinen transferentzia gunea eraikitzea adostu zuen atzo GHK-k, eta gisako bigarren bat Ormaiztegin egiteko proiektuari ere oniritzia eman zion. Gune horietan hainbat lekutatik jasotako hondakinak bilduko dituzte, azken tratamendua izango duten guneetara eramateko.