Sortuk dioena eta Sortuk zer omen dioen
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakari Patxi Lopezek Gasteizko Parlamentuko taldeekin egin duen bilera sortaren balorazioa egin zuen atzo. Bertan, alderdien mahaia sortzeko aukerari ezezkoa eman zion, ETAk bere helburu politikoekin lotzen duen aspaldiko aldarrikapena omen da-eta. Halaber, ezker abertzaleak herritarren konfiantza irabazteko bete behar dituen bi baldintza aipatu zituen. Bat, etorkizuneko indarkeria ez ezik, oraingoa ere errefusatzea; bi, ETA erakundea desagerrarazteko lan egitea. Biak ere Sortu alderdi berriaren estatutuek argi eta garbi biltzen dituzten betebeharrak, hain zuzen.
Zilegi da edozein egunkari irakurtzea, edozein irrati zein telebista kate jarraitzea, jakina, are informazio okerra ematen dutenak ere; hala ere, Estatu espainoleko eztabaida politikoaren arreta bereganatu duen gai batez hitz egiteko, gutxieneko betebeharra dirudi informazio zuzena jasotzeak, eta ez besteren interpretazioa soilik; hau da, ez besteek alderdi abertzalearen estatutuei buruz esaten dutena soilik. Ez dirudi gehiegizko lana, batik bat Lopez Lakuako Gobernuko burua izanda, eta areago Parlamentuko alderdiekin egin berri dituen bileretako hizpide nagusietako bat ezker abertzalearen alderdia izanda. Sorturen estatutuen atariko artikulua eta hirugarrena irakurri izan balitu, hanka-sartzea saihestuko zukeen.