GARA > Idatzia > Kultura

Txotxongillo Taldeak ikuskizun berria sortu du, 40 urteko ibilbidean sorturiko pertsonaiekin

«Erreka Mari», «Printze txikia», «Ipurtargi» eta hainbat ipuin antzezturen sortzaileak, Txotxongillo Taldeak, 40 urte bete ditu. Ospatzeko, urteetan sortutako pertsonaia ezagunak elkartuz ikuskizun berria prestatu du.

p051_f02_148x104.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Enkarni Genua eta Manolo Gomez senar-emazteek orain 40 urte sortu zuten Txotxongillo Taldea, eta urteurrena ospatzeko, «egiten dakiguna egingo dugu, sortu, alegia», azaldu zuen Genuak atzoko aurkezpenean. Izan ere, ikuskizun berria estreinatuko dute gaur Donostiako Ernest Lluch kultur etxean: "Elurrezko panpina". Estreinarako sarrerak gaur arratsaldean banatuko dituzte kultur etxean bertan, 16.30etik aurrera; beraz, gonbidapena nahi duenak emanaldia hasi baino lehenago hurbildu beharko du bertara.

Elkarrekin jolastu eta eskuzabalak izaten ikasten duten neska-mutilen eta elurrezko panpina baten istorioa kontatzen du negu giroko ipuin honek. «Plist-plast elurra» abestiarekin ikuskizun bat sortu nahi zuen aspalditik Genuak, eta hala, lehenik diskoa izan zena, ondoren ipuin bihurtu, eta azkenik, antzezlan itxura eman diote.

Txotxongilo taldeak urte hauetan sortutako beste ipuin asko ekartzen ditu gogora «Elurrezko panpina» honek; hala nola, «Erreka Mari» edota «Ipurtargi», zehazki, azken horrek protagonismo berezia jaso du.

Taldearen historiari begira, beti jarraitu izan dituzten hiru ezaugarri nagusiak bete dituzte lan honetan ere. Genuak azaldu zuenez, batetik, ulergarriak izan behar dira ipuinak: «Ikuskizunetik ateratzen direnean, gertatu dena azaltzen jakin dezaten nahi dugu».

Bestetik, hunkigarriak izan behar dira kontatzen diren istorioak, baita kontatzeko moduak ere. «Haurra gertatzen denarekin hunki dadin nahi dugu, argiarekin, baliabide estetikoekin...». Azkenik, emanaldiak dibertigarria izan behar duela nabarmendu zuen Genuak. Izan ere, haurtzaroan umeak zoriontsuak izan behar dira, baina gurasoak ere dibertitu egin behar direla ere esan zuen, hori baita emanaldietan ikusleria edukitzeko modu bakarra. «Guraso asko dago `guraso karneta' dutenak, haurren aldeko adierazpen kulturalak jarraitzen dituztenak. Baina beste askok ez karnetik, ezta denborarik ere ez dute izaten», esan zuen Genuak.

Mozartekin lanean

Talde beterano honen ikuskizun guztietan musikak garrantzi berezia izaten du. Ondorioz, Anne Landak lan handia izaten du, berak hautatzen baititu ikuskizunean entzungo diren piezak.

«Beraiek [Genuak eta Gomezek] bilatzen dutenaren arabera jaiotzen da musika», azaldu zuen Landak. «Musikak ez du garatuegia izan behar, haurrak galdu eta aspertu egiten baitira. Hori dela-eta, Mozarten musika oso aproposa da». Ikuskizunaren hasierak haurra musika ezagutzen has dadin balio du, eta Mozart ipuinaren zatirik garrantzitsuenean entzun ahal izango da. «Ideia musikaren bidez kolorea ematea da, kolore asko ematen baitio ikuskizunari».

Etenik gabe

Jardunean daramaten 40 urte hauetan ez dute etenik izan, astez aste, hilabetez hilabete lanean izan dira, ipuinak sortuz eta ikuskizunak muntatuz. «Erreka Mari» adibidez, orain 30 urte sortu zuten eta gaur egun ere emanaldietan eskaintzen duten istorioa da.

Hala ere, urte hauetan guztietan mota askotako txotxongiloak erabiltzeko aukera izan dute, eta oraingoan nahasketa bat aurkeztuko dute; alde batetik, siluetak izeneko panpina geldiak erabiltzen dituzte, eta bestetik, ohikoagoak diren ak ere bai. Nahiz eta atzoko aurkezpenean erakutsitako panpinek itxuraz ez zuten mugimendu handirik, istorioa kontatzeko nahikoa dela azaldu zuen Manolo Gomezek: «Objektu sinple batek istorio bat konta dezake». Ikuskizun honetan, gainera, Genua eszenan agertuko da panpinekin batera, pertsonaia bat antzezten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo