GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

2. B MAILA

Behaztopaka ibili ostean, bide zuzena hartzeko lehian, derbia Ipuruan

A.U.L.

Eibar eta Osasunaren arteko derbiak zabalduko du jardunaldia Ipuruan (16.00). Behaztopen txandari amaiera emateko norgehiagoka izango da, sailkapenaren goialdean egon arren, irregulartasuna baita bi taldeek azken asteotan gauzatutako bilakaeraren ezaugarria.

Gipuzkoarren betebeharra bikoitza da, gainera, Alavesekiko desabantaila murrizteaz gain -lau puntu-, Mirandesen mehatxua ere -puntu bakarrera daude Burgoskoak- zaindu behar baitute. Gorritxoek, aldiz, play-offeko postuetara itzuli nahi dute, azken hiru porrotek bertatik atera ondoren.

Ordubete geroago, Alaves lidergoa indartzen saiatuko da. Berdintzea izango luke arrisku handiena, Palenciak zazpi lortu baititu azken bederatzi jardunaldietan. Porrotaren aukera, zorionez, zailagoa dirudi, gasteiztarren ibilbideari berari jarraituz: partida bakarra galdu dute Mendizorrotzan, orain dela lau hilabete eta erdi.

Derbi bizkaitarra

Derbi bizkaitarrak itxiko du, azkenik, larunbateko arratsaldea. Ikuspuntu desberdinak egongo dira Arlonagusian, baina helburua berbera izango da, garaipena, aurkari bien kasuetan.

Lemona saiatuko da bederatzigarren posturaino jaistera eraman duen bolada txarrari amaiera jartzen, baita Urko Veraren irteerak erasorako utzi dien hutsunea betetzen ere -gol bakarra sartu du taldeak azken lau partidetan-. Barakaldok, behintzat, lau jardunaldi daramatza galdu barik, eta horrekin sailkapenaren azken postua atzean utzi du; baina mantentzearen ilusioak bizirik jarraitzea nahi badu, puntuak hirunaka batu beharko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo