«Grand Slam»-a lortu nahian neurtuko dira Frantzia eta Ingalaterra
GARA | DONOSTIA
Emozio handiko asteburua datorkie errugbizaleeei, Sei Nazioak torneoko hirugarren jardunaldia hemen baita. Interes handiko lehia ikusi ahal izango da Twickenham estadioan. Bertan arituko dira Ingalaterra eta Frantzia, txapelketako lehen bi sailkatuak.
Torneoan porrotik jasan gabe datoz bi taldeak. Gauzak hala, Frantziak iaz egin zuen bezalaxe, aurten ere biek nahiko dute «Grand Slam»-a lortu. Hau da, partida guztiak irabazi nahiko dituzte.
Aipatzekoa da Frantziak ez duela 2005etik Londresen irabazi. Oso emaitza estuarekin lortu zuen, gainera, garaipena (17-18).
Gaurkoan, Maxime Medard duda da oraindik talde frantsesean, izterrean duen lesio batengatik. Bere tokia Clement Poitrenaudek har lezake.
Ingalaterrari dagokionez, Lewis Moodyk ezin izango du jokatu. Kapitainak Galesen aurkako lehen neurketa galdu zuen belaunean izandako arazo batzuengatik. Andrew Sheridan, aldiz, taldera bueltatuko da, Alex Corbisiero aulkian utziz.
Wilkinsonen marka berria?
Partida polita izan liteke ere Jonny Wilkinsonentzat, marka berri bat ezar lezakeelako. Hau da, Daniel Carter Zeelanda Berriko jokalariak nazioarteko partidatan lortu zituen 1.188 puntuak gainditu litzake ingelesak. Puntu bakarra falta zaio marka hori berdintzeko.
Bestalde, hirugarren jardunaldiari hasiera emateko, Italia eta Gales neurtuko dira. Italiarrek azken postutik alde egin nahi duten bitartean, galestarrek aurrekoen itzala jarraitu nahi dute.