Fito Rodriguez Bornaetxea EHUko irakaslea eta idazlea
Demokrazia eta debate intelektuala
Herri honek -honezkero adin nagusikoa baita-, Kantek idatzi bezala, «heldugabetasunetik» irteteko ilustrazioaren (jakintzaren polemika) bideari ekin behar dioFernando Savater bezalako intelektual batek azken urte hauetan «terrorismoari esker» gozatu egin duela adierazten badu ere, berau delako, ez du inork «terrorismoaren gorazarrerik» egin duenik salatuko, baina, gutxienez, deritzaneko terrorismo hura (minak, sufrikarioak eta guzti...) bere interes pertsonalen alde erabiltzen jakin izan duela argi erakusten ari dela ez du inortxok ere zalantzan jarriko.
Delako terrorismoaren aitzakiaz, bada, debate intelektuala bultzatu beharrean, erabateko zentsura, eta, ondorioz, norbanakoen autozentsura besterik ez da egon azken urte hauetan Euskal Herriko gizarte polemiketan. Ezin izan da, beraz, sakonean hitz egin, eta batzuek behintzat hitzen neurriei begiratu behar izan diegu bertsolariek bainoago.
Espainian historikoki pairatu ohi den adierazpen askatasunaren eskasiak alde batetik, eta kultura politiko demokratikoaren gabeziak bestetik, ez bide dute giza edota politika eskubideen inguruko eztabaida publikoa erraztu, eta horrela, intelektualitateak papagaioen itxura gehiago eman du urretxindorrarena baino. Ia beti ia iritzi-emaile denek antzeko hitzak nahiz edukiak erakutsi, zabaldu eta idatzi izan dituzte. Errepikapenaren errepikapenaz. Eta erre duten pena haiek debate intelektuala gero eta kiskaliagoa utzi dute. Izan ere, ideien eztabaidan bederen, benetako inboluzioa izan da, urteen poderioz, pairatu behar izan duguna.
Honaino iritsi gara... orain, delako terrorismoaren bukaera aldean (papagaioentzat bortxa politiko mota bat soilik ez baitago, horregatik «keria»-rena...) loro nagusiak malenkoniaz begiztatzen du egoeraren aldaketa, haren begiradak aski misteriotsu izaten segitu arren, eta «oso dibertigarria» izan dela diosku.
Ez jauna, «oso latza izan da» zioenarekin nago ni, eta ez bakarrik errepresioak, debekuak, hildakoak, torturatuak eta horregatik guztiagatik, baizik eta euskal pentsamendu independentista publikoki eta gainerakoen berdintasunez azaltzea nahiz debatitzea eragotzi egin diguzuelako. Praktikaren ezean, ideologikoki behinik behin zikiratu nahi izan gaituzue.
Zer-nolako egitura politikoak behar ditu Euskal Herriak? Demokrazia liberalak balio al du oraindik? Zertan oinarrituko da gure nazioaren konstituzio sistema? Testu bakarra behar al dugu...?
Pentsamendu politiko klasikoaren historian demokraziaren onura ez da inoiz aintzakotzat hartu, esaterako... Herodotok lehen aldiz erabili zuen hitza, Aristotelesek, adibidez, tiraniaren modu batez parekatu zuen (G. Sartori, 2005) eta, Robespierren jakobinismoaren salbuespenaz, pentsamendu modernoak ez ohi du, beraz, demokrazia aldarrikatu. Kantek berak demokrazia beharrean res publica (errepublika) hobetsi zuen.
Izan ere, Joseba Sarrionandiak duela gutxi idatzi duen bezala («Moroak gara behelaino artean?»), demokrazia ez baita, berez, substantiboa, aditza baizik. Demos greziarra populus erromatarra ez zen neurrian, gure herriak espainiar nazioa ote den ezin izan du inoiz askatasunaz behar bezala eztabaidatu.
Aldiz, adierazpen askatasunaren murrizketarekin batera, gainerako askatasun politikoak salbuespen egoeran bizi behar izan ditu gure herriak egundaino.
Ez espainiar, ez frantziar konstituzioek ez baitigute eman debate politikorako bermerik, eta alderantziz, hedabideak itxiz nahiz iritziak jazarriz, Euskal Herriko gizarte mugimenduek, sortzaileek edota norbanakoek erabakitzeko eskubideaz debatitzeko bilguneak aurkeztu eta bideratu nahi izan duten guztietan debekua eta errepresioa besterik ez dute aurkitu.
Mundua berrantolatzen ari da, ordea. Olatu politiko berrien aurrean euskal herritarrok gure pentsamendua eta praktika politikoak ere eguneratu behar ditugu. Kalean eta legebiltzarretan, unibertsitateetan eta komunikabideetan. Demokraziaren aditza eta adiera hasi behar dugu erabiltzen. Adiskideekin batera, hastapenetan, adigogorren aurrean gero, eta adimentsu beti. Herri honek -honezkero adin nagusikoa baita-, Kantek idatzi bezala, «heldugabetasunetik» irteteko ilustrazioaren (jakintzaren polemika) bideari ekin behar dio.
Hau da, egun, posible al zaigu kantiar ilustrazioaren egitasmo politikoari eutsi ere haren oinarri epistemologikoari agerrarazi zaizkion kontrako arrazoiei erreparatu gabe?
Zeren eta, Kantengandik heredaturiko ustezko gizabanako unitario bezain unibertsala eta haren subjektibitatea dugu, hain zuzen, bai azken Wittgensteinek baita Gadamerren hermeneutikak ere, honezkero, kolokan ezarri dutena.
Azken honek, esaterako, kantiar ilustrazioaren epistemeren partez Aristotelesen phronesis erabiltzea proposatu izan du, ethosen araberako gizarte-arrazionalitatea aldarrikatuz. Horrela, politika aferetan (gizarte arazoetan uler dezagun...), arrazoi unibertsala erabili beharrean tokian tokiko kultur bizipenetan oin hartzen duen logika praktikara eramatea ahalbidetuko dugu.
Ildo beretik, Paul Ricoeurrek («Du texte à l´action») zientzian eta praktikan erabili beharreko ezaguerak desberdinak direla dio, baina erlatibismo faltsutik urrun, arrazoi praktikoak, etikan, politikan nahiz gizarte aferetan eskua hartzeko logika zehatzak egon, badaudela diosku, norberaren tradizio kulturalean oinarritzen direnak, alegia. Haien bila abian gaude. Ea egoera berriarekin batera, mugarik gabeko polemika intelektualak pizterik ba ote dagoen.