GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez | Filosofian lizentziadunak

Aralar eta NaBai: xake-mate?

 

Aralarren sorrera: Duela 10 urte, ezker abertzaletik ateratako batzuek Aralar alderdia osatu zuten. Bere aliatu politikoa ezker abertzalea zela hasieratik azpimarratu zuen arren, 10 urteren buruan, hauteskundeetara IUrekin, Batzarrerekin, EArekin eta EAJrekin koalizioan joan izan da, kasuan kasu eta interesak interes. Aralar sortu eta berehala Batasunaren ilegalizazioa etorri zen (berantago beste hainbat herrestan). Horren karietara, Aralarri kobertura mediatiko izugarria eman izan dio Rubalcabak: «Hauek dira ezker abertzale independentista bakezaleak; besteak, terroristak». Bereizketa hori guztiz errefusatu gabe, baita sozializatuz ere, ekin zion Aralarrek bere bideari, haren hastapenetan azpimarratu zuelarik, besteak beste, ez zela biolentziaren kondenaren jolas demagogikoan sartuko. Hori dena kontuan hartuz, hasieratik gaur egunera, jauzi kualitatibo handiak izan ditu, bai praxi politikoan, bai printzipio politikoetan ere.

NaBairen ibilbidea: Aralar sortu eta lau urtera, eta ezker abertzalearen ilegalizazioa gauzatzen zen bitartean, Aralar, EA, EAJ, Batzarre eta «independenteen» arteko koalizio bat osatu zen. Helburua: UPN gobernutik botatzea eta sozialismotik demokrazia kristaurako (sozialdemokraziatik pasatuz) sentsibilitate vasquistak batzea (horrela, 2007an PSNri koalizioa egitea eskaini zion). Behin hori lortuta, egoera politiko normalizatu batean biziko bagina bezalako plantak eginez, bigarren indar izatera iritsi zen.

Nafarroa, cuestión de estado: Azkeneko hilotan Nafarroan egoera politikoak izan dituen joan-etorriak nahasiak izan dira oso: NaBairen barruko liskarrak, ezker abertzalearen alternatibarako proposamenak, atxiloketa indiskriminatuak, torturak, negoziazioak, deklarazioak... Nafarroa cuestión de estado dela agerian utzi duten jokaerak izan dira denak. Alde batera zein bestera: Euskal Herriko estatua Nafarroarekin izanen da edo ez da izanen; Espainiaren batasuna Nafarroarekin izanen da edo ez da izanen.

NaBai desintegraziorantz: Zentroko indar hegemoniko bihurtzeko bidean. EAJren (eta bere sateliteak diren «independenteak») eta Aralarren arteko akordio inplizitua agerian geratu den honetan, alderdi jeltzaleak Nafarroan daukan boto kopuru eskasa diruarekin trukatu izana leporatu izan zaio beti (eta beste kideei gurdi horretan igo izana). Koalizioari aspalditik egin zaion kritika horretaz harago, luzerako estrategia bat argitzea komeni da. Sakonagoko zerbait gertatzen ari baita: NaBai zentroko alderdi bakar izateko ari da mugitzen -boto mugimendu handiena hor baitago, eta ez ezkerrean-. Hau da, ideologiarik ez eta egungo egoera antidemokratikoa kudeatzeko bokazioa izango duen zentroko alderdi hegemonikoa izateko bidean da.

Izan ere, azken urteei erreparatzen badiegu, aitzineko lauko koalizio heterogeneo, multikultural eta plural horretatik, Batzarre izan da kanpoan geratu den lehena (negoziazioetan baztertua sentitu ondoren, koaliziotik joatea erabaki zuen). Ordura arteko nabarrismo vasquistak IUrekin ezkerrekoa -eta bakarrik ezkerrekoa eta ez beste ezer («ez beste ezer» horren barruan espainola izanen dela ulertu behar delarik)- izango den koaliziorantz egin zuen bidea. Horrek, nolabait, NaBairi ezkertiar kutsua kentzen zion. Helburua zentroko indar hegemonikoa izatea denez, aurretik aipatu alderdia oztopoa besterik ez zen.

Baina beste bi eragozpen ere baziren: ezker abertzalea eta EA. Zer egin: betoa eta kanporaketa, hurrenez hurren. Kudeaketa administratiborako bokazioa dutenek bakarrik izanen dute tokia. Ezker abertzaleak ez dauka lekurik ezkertiarregia eta abertzaleegia delako (EA berdin, harekin akordio estrategikoa izanik). Nafarroan zentroa nabarrismoa baita, hots, ezkertiar eta euskal kutsurik ez daukan guztia.

NaBai, beraz, EAJ Vascongadetan den alderdia bilakatzeko bidean da. Oso argi deskribatu zuten jokaldi hori «Diario de Noticias»-en hainbat aralarkidek duela gutxi: «En el plano teórico de los principios, NaBai, al haber aceptado, simbolizado y promovido el ámbito de decisión política de Navarra, como marco de su actuación, ha potenciado una visión dinámica de Navarra, frente a las dos visiones estáticas contrapuestas: la del navarrismo antivasco, de sublimación de la voluntad de los navarros (...) [eta] la del autodeterminismo de sujeto y momento único, vascongadizante o bizkaitarrista. Estas dos visiones estáticas han esgrimido sus respectivos esencialismos contra el fenómeno teórico de NaBai, acusándole unas veces de nacionalista vergonzante y otras vendido al celtiberismo» («La cuestión navarra». P. Zabaleta, R. Ubera eta J. Abril. 2011-02-03). Horrela, laburbilduz, zentrora bidean, hiru elementuri aurre egin behar izan dio NaBaik:

1. Ezkerra kendu, Batzarre kanporatuz.

2. Euskal abertzaleegia den eta zentroko iritzi publikoari begira ETArekin lotura duen ezker abertzalea, eta ondorioz, EA estrategia-kide berria koaliziotik at utzi.

3. Nafarroako erabakimen esparrua maila guztietan EAEkotik bereizi: UPNren jarrera erregionalista bera. Hortik EAri egindako ultimatum erregionalista.

Xake-mate? Aurrekoa aintzat hartuz, EAJk 30 urtez erabili duen diskurtso bera errepikatzeari ekin dio NaBaik. Aipatu artikuluan dioten bezala, UPN alde batean, eta ezkertiar eta abertzaleak bestean: NaBai erdian. Joera politiko nabarmen horren aurrean, Vascongadetako Aralar jokoz kanpo geratu da. Zer beste ondorio atera daiteke? Euskal abertzaletasunaren baitan bi ardatzen birkokapenaren aurrean gaudela, EAJrena batetik, eta Sorturena bestetik. Bi ardatz horien inguruan mugituko da euskal politikagintza. Zentro-eskuina alde batetik, eta ezkerra bestetik. Xake jokoan erregea arriskuan, xakean dagoenean, hiru aukera dauzka:

1. Mehatxu egiten duen fitxaren eta erregearen beraren artean beste fitxa bat jartzea: adibidez, Nafarroatik kanpo hartutako erabaki estrategiko zein politikoen aurrean fitxa «ideologiko» berri bat jarriz (marko erregionalista onartuz).

2. Erasotzailea harrapatzea: Estatuaren errepresioa bultzatuz, babestuz, edo beste alde batera begiratuz.

3. Erregea erasotzailetik urruntzea: ezkerretik eta abertzaletasunetik zentroko nabarrismora ihes eginez.

Hori kontuan hartuta, esan behar da taulako fitxa gutxi falta dela mugitzeko: batzuk dagoeneko mate den xake batean daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo