ZIENTZIA
Etorkizuneko elektronikaren oinarriak jartzeko asmotan
Ikertzaileek badakite hogei urte barru elektronika ez dela izango egun den modukoa. Nolakoa izango den jakitea da orain gakoa. Donostiako CIC nanoGUNE zentroko Luis Hueso ikertzaileak aurrerapenak egin ditzake datozen bost urteetan. Helburu horrekin jaso du, hain zuzen ere, Europako Ikerketa Kontseiluko beka entzutetsu bat. Molekula bakarreko eskala nanometrikoan egindako gailuak proposatzea da bere asmoa.
Maider EIZMENDI
Sektore bat bera ere ez da egongo nanoteknologien aurrerapenei probetxu aterako ez diona». Horrela mintzatu zen CIC nanoGUNEko zuzendari Jose Maria Pitarke, orain bi urte pasatxo zentroaren irekieraren atarikoetan. Medikuntzaz, garraioaz eta elektronikaz ari zen hizketan, besteak beste. Azken arlo hau da aspaldi honetan nanoteknologiarekin aberasten dabilen eremuetako bat. «Azken urteetan sortu diren aplikazio asko nanoteknologia dira bete-betean». Hala adierazi du Luis Hueso CIC nanoGUNEko ikertzaile galiziarrak.
Egun hauetan zorion mezuak jasotzen eta komunikabideetako elkarrizketei erantzuten denbora asko eman du. Ez da gutxiagorako, orain gutxi baieztatu baitiote Starting Grant beka entzutetsua eskuratu duela. Datozen bost urteetan, esku artean duen proiektuan ikertzen jarraitzeko 1,3 milioi euroko laguntza jaso du, horrenbestez, Europako Ikerketa Kontseilutik. Hark «ezagutzaren mugan dauden ideia berritzaile eta arriskatuei eta epe luzera begira, garapen eta aplikazio iraultzaileak eragin ditzaketen proiektuei» bideratuta jarri zuen martxan beka hau; eta Huesoren egitasmoak, antza, bete ditu ezaugarri horiek, orain hilabete batzuk zentroko Rainer Hillenbrand ikertzailearen proiektuak bete zituen moduan. Hark 1,5 milioi euroko laguntza beka lortu zuen.
Elektronika «berri» bat
Proiektuaren funtsaren inguruan galdetuta, euren helburua «elektronika egiteko modu berri bat proposatzea» dela azaldu du egunerokoan lantoki dituen laborategiak erakusten dituen bitartean.
«Jakina da urte gutxiren buruan ezingo dela elektronika egin gaur egun egiten den modu berean; industriak badaki silizioa oinarri hartuta ezingo dela egun lantzen den miniaturizazioa landu», azaldu du Luis Huesok. Hori jakinda, ikertzaile galiziarrak nabarmendu duenez, munduan barrena ikertzaile talde ugari ari dira arazo honi irtenbidea emateko proposamen eta proiektuak garatzen.
Zertan da euren proiektua berezi? Huesok gidatutako lanean molekulak hartu dituzte oinarri elektronika egiteko, helburua molekula bakarreko eskala nanometrikoan egindako gailu elektronikoen diseinua da.
«Gainera -gehitu du-, elektroiek berez duten propietate bati, spinari, probetxu ateratzen saiatzen ari gara. Elektroiak ezaugarri hori du, baina orain arte elektronikan ez da behar bezala baliatu; gure helburua, hor dagoenez, horri zukua ateratzea da». Huesoren proiektuak ezagutza sendotu nahi du nanoegituretan spinaren garraioaren inguruan, hori baita molekula bakarreko nanoegiturak eratzeko zailtasun teknikoetako bat, molekula hari eroale batera konektatzea, esaterako.
kimikatik edaten
Fisikariaren iritziz, elektronikak ez dio orain artean kimikari behar adinako atentziorik jarri. «Molekulak baliatuta kimikan urte askoan osatu den ezagutzaz balia gaitezke elektronika egiteko; beraz, abantaila handia dugu». Bestetik, azaldu du, elektronikak ezagutu dituen aurrerapenen oinarri izan ez bada ere, spintronika jada hainbat gailutan erabili dela, disko gogorren irakurgailuak egiteko esaterako, «beraz, funtzionala den eta errendimendua ziurtatzen duen arloa dela badakigu».
Bidea argitzen duten aurrekariak izanda ere, arrisku handiko proiektu gisa definitu du eurena. «Ateratzen bada primerakoa litzateke, baina arriskua dugu ezer ez lortzeko edota pentsatua ez dugun beste emaitza batekin topo egiteko», onartu du. Proiektua hastapenetan dago oraindik. Hala ere, ez du ezkortasunik transmititu nahi mezuan: «Zientzian inoiz promes egiterik ez badago ere, guk bost urtean emaitza batzuk ziurtatu ditugu, gure ideien bideragarritasuna frogatuko dugu». Euren nahia ez da bost urteren buruan prototipo bat sortzea, «hori beste batzuei egokitu zaie». Izatez, hamar lagunek osatzen duten taldeak beste lan arlo batzuk ere baditu, aplikagarriagoak batzuk. Proiektu honek esku artean dituzten ideia marduletan sakontzea du xede: «Ideia nolabait azaltzeko, honakoa litzateke: nik ordenagailu bat egin nahi badut hemendik 20 urtera hau seguru ez dela egungoa bezalakoa izango, dena izango da desberdina; nolakoa izango den aztertzea da gure ideia. Ordenagailuetan daukat nik batez ere burua jarrita».
Arriskua hartu behar da
Huesok beka mota hauen filosofia txalotu du, horregatik. «Ziurtasunik ez duen proiektu batekin, ezin zara industriara joan hura finantzatzeko eskatzera, haiek prototipoa nahi dute», iritzi dio. Hala ere, industriak ikerkuntza mailan egiten diren aurrerapenak gertutik jarraitzen dituela adierazi du, eta euren neurrian ikerketa egiten dutela: «Industria elektronikoak euren laborategietan gauza aurreratuak egiten ari dira, baina patenteak tarteko, informazio gutxi ematen dute».
Ikertzaileak uste du ikerketa zentroaren erronketako bat garatzen ari diren ezagutza euskal gizartera eramaten asmatzea dela. Bide horretan garrantzitsu jo du, bertako ikerlarien lana sustatzea, baina «zaila» da, bere ustez, ikasteko gogoa duten doktoregoko ikasleak topatzea. «Zientzia zaila» dela ezin dela ukatu dio, eta horregatik zientzialarien eta gizartearen arteko elkarlana proposatu du: «Guk, ikerlariok, esfortzu bat egin behar dugu egiten ari garen lana gizarteri gerturatzeko; gizarteak, bere aldetik, konturatu behar du, zaila izanda ere, esfortzu bat egitea merezi duela».
Bere esperientzia oinarri hartuta esan du paradoxikoa dela «ikerlarientzat gero eta laguntza gehiago» dauden bitartean, gogoa duten ikasle gutxiago izatea. «Ni nire tesia egiten hasi nintzenean beka bat lortzea oso konplexua zen, egun zentzuzko espediente bat izanez gero, eskuragarria da», arrazoitu du.
Pazientzia, ikertzeko funtsa
Pazientzia izatea eta lehenengoan ez etsitzea dira, bere hitzetan, ikertzaileak izan behar dituen ezaugarriak. «Pazientzia izaten ikasi egiten duzu. Nik iraganean proiektu konplexuak izan ditut esku artean, aurrera egiten ez zutenak -normalena askotan hori baita-; emaitzak lortu nituen, baina bidean pazientzia izaten ikasi nuen». Huts egin eta zertan akats egin duzun ez jakitea da, Huesoren iritziz, ikertzailearen frustrazio handiena, «lehenengoan ez etsitzea eta seguru jotzen duzun hori ere zalantzan jartzea» da hortik ateratzeko bidea.
Berak lantzen duen moduko ikerketa arloetan, garapenaren abiadurari neurri hartzea ere ez da samurra, etengabekoa eta azkarra baita aurrerapena. «Gure kasuan abantaila edo desabantaila da, gainera, ikerketa arloa globala dela; gure konpetentzia mundu mailan gauzatzen da eta jende asko eta azkarra ari da lanean», onartu du.
Bete-betean eta neurria hartuta ari dira lehiatzen ordea, CIC nanoGUNEko ikertzaileak, itxura guztien arabera. Zentroko zuzendaria Jose Maria Pitarke gustura agertu da bekaren berri izan duenean. Bere hitzetan, hau lortzea euren «ikertzaileen bikaintasunari nazioarteko errekonozimendua da, eta aldi berean, zentroak daraman bi urteotako ibilbidean nanoGUNEn egin dugun lanari».
«Asmo handiko erronkak»
Pitarkek gaineratu du zentroko giza taldearen kalitateari esker, «asmo handiko erronkei» aurre egitea ahalbidetzen dieten baliabideak sortzen ari direla, eta halaber, Euskal Herrian egiten den nanozientziaren ikerketari babes handia ematen dietela.
Zentroaren asmoei helduta, inguruko eta nazioarteko esferako eragile guztien arteko elkarlana sustatzeko eremu eraginkorra bilatu nahi duela esan du, «Euskal Herria nazioarteko erreferente eta nanozientzia eta nanoteknologian ekarpen polo gisa kokatzea ahalbideratuz».
Zentroaren ezaugarriak oso kontuan hartzen dituzte beka ematerako orduan. «Nik zortea dut hemen nagoelako eta hemen egin dezakedalako ikerketa mota hau. Proiektu hauek egin daitezke zentro honetan egin den inbertsioari esker», onartu du Huesok. Bere curriculuma ere funtsezkoa izan da, ordea, beka lortzeko, eta horregatik egin duen ibilbidearen errekonozimendu gisa hartu du. «Azken hamar urteetan egin dudan lana ez dudala gaizki egin erakusten dit». Eta hori baino garrantzitsuagoa, akaso: «Buruan dudan ideiak aurrera egiteko aukerak ikusten dizkiotela erakusten du eta hori oso pozgarria da».
Sari handia da Luis Huesok jaso duena, baina ez zentroko ikertzaile batek azkenaldian jaso duen bakarra; izan ere, iazko udan nanooptikan aditu den Rainer Hillenbrand ikertzaile alemaniarrak beka bera eskuratu zuen, 1,5 milioi eurokoa, datozen bost urteetan ikerketa lerro berri bat zabaltzeko. Esku artean duen proiektuaren helburu nagusia mikroskopia teknika berri bat garatzea da, argiaren bidez nanoestrukturen barneko aldeko irudiak lortzeko.
«Infragorri eta terahertz frekuentzietako nanotomografia espektroskopikoa» da diru-laguntza jaso duen proiektuaren izenburua, eta nanometroetan (metro baten milioirenetan) neurtzeko moduko egitura oso txikien hiru dimentsioko irudiak lortzeko teknika berri bat garatzea da xedea; egun eskanerren bidez gorputz barneko atalak ikusten diren modu berean nanoestrukturen barrunbeak ikusteko gai izatea, alegia. M.E.
1,3
euroko laguntza jaso dute datozen bost urteetan esku artean duten proiektua garatzeko.