Txoriaren poesia sotila, kaiolatik
Espetxean emandako garaian idatzitako poema sorta «Zu zara orain txoria» liburuan bildu du Mikel Etxaburuk. Bakarrizketa sakonetatik urrun, komunikatzeko beharrak bultzatu zuen ondarroarra bertso askeak idaztera, kartzelako «infernuari» xamurtasuna atxikiz.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Egunero dator txoria/ziegako leihora, /zu zara orain txoria esatera, /niri jaten eman, / kantuan entzun, / niri kontuak kontatzera / ziegako leihora / egunero dator txoria / gogoraraztera, / zu zara orain txoria esatera. Kaiolan sartutako txoriaren gisan ikusi zuen bere burua Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) 2008an Seguran atxilotu zutenetik. Bi urte eman zituen espetxean 2010ean aske utzi zuten arte. Espetxealdian poema sorta oparoa ondu zuen, sentitutako komunikazio beharra bideratze aldera. Handik urtebetera, «Zu zara orain txoria» izenburupeko poema bilduma kaleratu du Elkar argitaletxearekin batera.
Idazteko zaletasuna txikitatik datorkion arren, «kartzelan poeta izatea errazagoa» dela iritzi dio ondarroarrak: «Lehen poesia idazten nuen, espetxean poeta bilakatu nintzen, eta orain berriz ere poesia idazten dut». Nolanahi ere, bere burua ez du idazle gisa ikusten. «Idazle baten helburua idaztea da, eta nirea beste helburu batzuei bide ematea da, idazkuntza baliatuta», nabarmendu zuen.
Bere letrak komunikatzeko beharra asetzeko baliatu zituen Etxaburuk. «Ez dut bilatu bakarrizketa sakonik, baizik eta komunikatzeko nahia dago nire poemen hondoan; kanporako proiekzioa bilatu nahi izan nuen».
Espetxean zaila da, bere iritziz, barnean dituzun helburuei bide ematea. «Helburu guztiak zerrendatzen dituzu, eta haiek lortuko dituzula ziur zaude; ikastea, kideekin egotea... Eta poesia izan da niretzat helburu horiei guztiei irtenbidea emateko moldea».
Ez-lekuak, pribatuak, posibleak
Molde hori baliatuta, egoerarik latzena xamurtasunari atxiki dio Etxaburuk bertso aske eta lexiko erraza baliatuta. Hala, hiru ataletan banatu du poesia liburua: Ez-lekuak, leku pribatuak eta leku posibleak. Ez-lekua espetxea bera da ondarroarrarentzat, eta kartzelari lotutako sorkuntzak bildu ditu bertan. «Espetxea ez-lekua da, non funtzionarioek ere ez luketen bertan egon nahi. Han dagoen presoa denbora baterako egoten da, luzeago ala motzago, baina zigorra amaitzean badoa. Egoera horretatik abiatu dira atal horretako poemak, nahiz eta ez dudan hitz gordinik erabiltzen, superbibentziarako jarduera gisa baliatu bainuen».
Leku pribatuetan, ikuspuntu pertsonalari begirako sorkuntzak bildu ditu, batzuetan irakurlea «asaldatua» sentiaraz dezaketenak, baina sentimenduak «zintzoki» azaltzen saiatu dela nabarmendu zuen, «egungo gizartean sentimenduak argi adierazteak norberaren harresiko paretak pitzatzea» dirudien arren.
Atal «kursia» izan daitekeela ere iritzi zion, baina bi aukera soilik omen zituen bere barrenak husteko, «kursitasun horren baitan lotsatu eta sentipenak gordetzea, edo kursitasuna aldarrikatzea». Horrela, Alvaro de Camposen hitzak ekarri zituen gogora: Todas as cartas de amor sâo / Ridículas. / Nâo seriam cartas de amor se ñao fossem/ Ridículas.
Azken atalean, leku posibleetan, esperantzarako bideak jorratu ditu, utopietan oinarrituak, baina egiazko utopietan, egingarriak direnetan. «Gerora begirako atala da eta egotetik, itxarotetik ez datorren utopia hori adierazi nahi izan dut», esan zuen.
Harkaitz Canoren hitzaurrea
Harkaitz Cano, hitzaurrearen egileak pozgarritzat jo zuen egunotan poesia liburu bat aurkeztu ahal izatea, eta are gehiago, hain sarriak diren kartzelako poema bilduma «ez gratuitoa» denean. Espetxea «hizkuntzaren laborategi» gisa ikusarazi zuen idazle lasartearrak, «balio duten eta balio ez duten hitzak galbahetik pasatzeko toki bakarra», hain zuzen. Hala, Etxaburuk ondutakoak «beraien baitatik askatu nahi duten poemak» direla azpimarratu zuen, «espetxeko hitzak hitz berriekin tartekatzen direlarik».
Xamurtasunaz mintzatu zen Cano, eta infernuan infernu ez dena erakustearen garrantzia azpimarratu zuen. «Epikatik urrun» idatzitako poemak ei dira Etxabururenak, «tonu minorrean eta xamurtasunez eginak, xamurtasuna ez baita irmotasunaren kontrakoa». Modu sotilean idatziak, zarata eta espanturik gabeak. Oinak bustitzen dituzten itsasertzeko olatuen kadentziadunak, uhin xumeen indar leunekoak.
Espetxe bakoitzean heziketa edo prestakuntzako arduradunak egoten direla azaldu zuen Etxaburuk, gehienak nahiko «tamalgarriak», poemak idazten zituenean barre egiten zietenak. Egunen batean nonbait argitaratuko balitu ale bat bidaliko liekeela agindu zien, eta haiek ez zutela ezer ulertuko erantzun, euskarazkoak zirela. Ale bana bidaliko ei die, eta, ez badute ulertzen, «beraientzat kalte».
Izenburua: «Zu zara orain txoria».
Egilea: Mikel Etxaburu.
Hitzaurrea: Harkaitz Cano.
Bilduma: Poesia 25.
Salneurria: 14 euro.
Orrialde kopurua: 116.
Argitaletxea: Elkar.